Bakarlariaren lanean oinarriturik, eta Hibai bera ardatz harturik, musikarien
kolektibo baten emaitza dugu TripTics I-II. Izan ere, Euskal Herriko
zein estatu mailako hainbat musikarik hartu dute parte
—hogeita hamarretik gora, tartean haize eta hari sekzio zabal bat—, musika klasiko, folk, jazz,
pop edota rock estiloetan eskarmentu
handikoak, eta beharrizan estetikoen arabera, batzuen
edo besteen aportazioak jaso
dituzte abestiek.
Lehen triptikoan
eragin anglosaxoiak jaso ditu musikari gernikarrak, eta ia osorik ingelesez
abestuta dago. Hari moldaketa dotoreez apaindutako funk-soul doinuak (Banned love), Bruce Springsteenen eskolako
rock amerikarra (In a dilemma) eta
pop-a (Invisible) aurkituko ditugu
bertan. Azken abesti horren italierazko bertsioak —Nebbia taldeko Valentina
Ridolfik abestua— osatzen du triptikoa.
Bigarren triptikoan
sustraietan murgildu da, eta Euskal Herriko folklore eta doinu akustikoetara jo
du bere alderdirik intimo eta pertsonalena. Abesti hauetan Xabi Aburruzaga
trikitilariak (Nire lagunak) eta etorkizun
handiko Izaro abeslariak (Orratzak)
lagundu diote, beste askoren artean.