Garaikidea ez dela ulertzen esatea ohiko aurreiritzia da
Iturria: Berria
Eguna: 28/04/2023
ic Surmenian eta Araitz Lasa. Musikaria eta dantzaria
Arrainak baino plastiko gehiago izan lezake itsasoak laster, eta kezka horretatik sortu dute Maree Basse-Itsasbehera emanaldia.
Naroa Torralba Rodriguez. Algorta
Berezia da itsasoa Eric Surmenian (Langres, Frantzia, 1973) kontrabaxu jolearentzat. Bizitzak Getxon (Bizkaia) porturatu zuen, eta Araitz Lasa (Getxo, 1999) dantzariarekin batera jasotako egonaldi musikalaren ondorio da Marée Basse-Itsasbehera proiektua.
Zergatik Itsasbehera?
ERIC SURMENIAN: Nik jotzen dudan kontrabaxu soloa mamitzen du Araitzek dantzarekin. Testua idatzi nion gero, emanaldiarekin batera garatzen dena. Finean, eta gure uren, itsasoen eta itsasoko izaki guztien etorkizunari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu, ederrak izanagatik arriskuan baitaude. Azken boladan sarri galdetzen diot neure buruari zer utziko diegun gure seme-alabei hemendik hogeita hamar urtera.
Nola osatu duzue?
ARAITZ LASA: Nik pieza ezberdinak interpretatu ditut. Berak emandako ideiekin: lehen pieza, adibidez, bizitzaren sorreran oinarritua dago, eta nik istorio hori gidatzen dut; baina musikaren kontakizuna ere egiten dut dantzaren bidez.
Zerk elkartu zintuzten?
SURMENIAN: Hasieran, nik uraren inguruko proiektua neukan kontrabaxuarekin. Testu bat erantsi nahi nion, eta lagun bati eskatu nion euskarazko moldaketarekin laguntzeko. Hark esan zidan ezagutzen zuela dantzari zoragarri bat, talentu handikoa, eta Araitzekin jarri ninduen harremanetan.
Zein izan da bikotean lan egitearen erronka nagusia koordinatzeko garaian?
LASA: Zaila ez da izan. Konplikatuena, agian, tarteak topatzea izan da, ni atzerrian egon naizelako lanean. Nik uste dut oso ondo konektatu dugula. Ericek bere pieza zeukan, nik neure kabuz landu nuen, eta hori osatzen eman genituen lehen entseguak.
Proiektu hau Getxoko Udalak bultzatutako beka bati esker garatu ahal izan duzue. Horrelakoei esker egin ohi duzue zuen lana?
SURMENIAN: Honek formalizatu egiten du desio bat. Proiektua bera muntatzea, sustatzea nekezada hori gabe. Halabeharrez,aurrera eginarazi digu, eta hori eskertzekoa da, noranzko bat ematen digulako.
LASA: Produkzioa errazagoa da,eta asko errazten du gure lana
Eszenatokietako jarduna gozagarria den arren, nola daramazue lan administratiboak ere zuen gain hartu behar izatea?
SURMENIAN: Nekagarria da. Gainkargatu egiten gaitu, eta nik, adibidez, nahiago nuke musikari eman denbora osoa. Horri adi egon gabe. Dena den, merezi du lan horrek ere, gero fruituak ematen baditu.
Nabari duzue 2020ko itxialdiaren ostean, biziberritzen ari dela kultura arloa?
LASA: Kostatzen ari da. Orain, egia da badagoela edo, behintzat, nik sumatzen dudala mugimendu bat. Kultura beti egon da apur bat baztertuta. Grina badago berriz programatzeko, eta publikoa oso esker onekoa da; beraz, mantentzen den bitartean, gaitz erdi.
SURMENIAN: Gu, artistok, beti gara azkenak.
Irudipen hori daukazue?
LASA: Bai. Batez ere, musika eta dantza garaikidea jorratzen dugunok. Garaikidea ez dela ulertzen esatea ohiko aurreiritzia da.
SURMENIAN: Horren harira, nik gehitu nahi nuke oso eskuragarria dela. Jakintza handiko jende bati gustagarri gerta dakiokeen moduan, ausaz topatu duen batek ere goza dezakeela. Nahiz eta musikaz edo dantzaz asko jakin ez.
Zer da oholtza gainean egotearen onena?
LASA: Nik asko gozatzen dutoholtzan, baina onena, nire ustez, atzetik egindako lana da. Sarritan, askoz gehiago gozatzen dut estudioan eta eguneroko lanean.Gero, egia da eszenatokiko momentua bakarra dela. Hor gertatuko dena ezin delako berriro gertatu,eta hori ere polita. Edozer dela ere, zirraragarria da jarraitu behar izatea .
Zer amets gauzagarri daukazue?
SURMENIAN: Proiektu hau da nire ametsa.
LASA: Dantzan jarraitu ahal izatea baldintza duinekin eta Euskal Herrian; etxean bada, askoz hobeto.