Balta Etxeberriak –teklatuak–, Imanol Beobidek –bateria–, Aitor Huergok –gitarra–, Josu Azkuek –baxua–, Mikel Alberdik –ahotsa– eta Fredi Pelaezek –ekoizpen eta grabaketa teknikaria– Mainlander musika taldea sortu dute. Musika taldearen izen bera duen diskoa aurkeztu zuten atzo, osteguna, Sanagustin kulturgunean; hain zuzen ere, maiatzaren 28an diskoaren aurkezpena egingo duten leku berean.
Talde berriko kide guztiak azpeitiarrak dira, eta besteak bestek, Mondocane, Jo!, 12 Tribu edota Elvisabuelo bezalako taldeetan aritutakoak dira. Phillip Mainlander pentsalari alemaniarraren izena oinarri hartuta sortu dute musika taldea sei lagun horiek. “Mainlander pentsalariak zioen unibertsoaren sorrerak sufrimendua eragin zuela eta inoiz ez garela sufrimendu horretatik askatuko. Jaiotza eta heriotza etengabeak dira bizitzaren barnean. Sufrimendua, plazera, edertasuna, soinua eta isiltasuna bata bestearen barnean bizi dira. Izatea eta ez-izatea bereizezinak dira. Pop doinu goxo baten baitan sufrimenduak lekua badu, eta hartaz gozatzea ere badago. Edo, hobeto esanda, agian hori da benetan eta guztiz gozatzeko modua”.
Hari horretatik tiraka, eta ausardia, zorroztasun eta sentsibilitate finez, Mainlander taldeak estreinako diskoa aurkeztu du. Sufrimenduari bizkarra eman gabe, aurrera egin eta beraien doinuak eta hitzak zizelkatu dituzte. Musikaren balio sakratua eta antzinako tradizioekiko harremana aldarrikatuz, pop formatuak sarriegi eragiten duen “anestesia eta amnesia kulturala” salatzen eta baztertzen saiatu dira taldekideak. Haien esanetan, diskoak gutxien esperotako tankeran eta unean astintzen ditu barneak, eta horregatik, ezinezkoa da azkeneraino arreta osoa mantentzea.
Mikel Alberdi taldeko abeslariak garatu ditu Mainlander diskoaren hitzak, musikarien esanetan “latzak bezain hunkigarriak”. Izatearen sufrimenduaren zazpi alderdi jorratu dituzte. “Lukreziok zioen bezala konbinatu, banandu eta ostera konbinatu egiten diren atomoak baldin bagara, konbinazio horien emaitzak sortutako misteriozko soinua litzateke musika: izatea”, azaldu dute taldekideek.
Musika taldearen gaiek “armeniarren genozidioaren eromena” zeharkatzen dute, baita suiziden zein eutanasia bidezko heriotza eskatzen dutenen borondatea ere. Min psikologikoa eta psikiatrikoa ere jaso dituzte beraien lehen lanean, mundu digitalizatu birtualaren bakardadea ahaztu gabe; Shakespeareren Ofelia baten maitasun tragikoari ere abesten diete. Era berean, gogoan izan dituzte pandemia eta gerra garaiotan hain gaurkoak diren Nostradamusen gizateriaren amaierari buruzko profeziak edo iragarpenak. Eta Erdi Aroaz geroztik, hildakoen eskeletoen dantza da taldeak duen Requiemaren argumentua.