Sufrimenduaz, goxotasunez

Iturria: Berria

Eguna: 19/05/2022

Rock progresiboaren ildotik, Mainlander taldeak zazpi abesti bildu ditu izen bereko estreinako diskoan. Gizartean oraindik ere tabuak diren zenbait gai mahai gainean jarri dituzte kantuetan

XIX. mendeko filosofo alemaniar bat izan zen Phillipp Mainlander, Nietzsche eta Cioranengan eragin handia izan zuena, besteak beste. Liburu bakarra utzi zuen idatzita, eta gazterik hil zen, bere buruaz beste eginda. «Filosofo pesimista bat izan zen. Haren esanetan, bizitza honetan ez gara sufrimendutik libratuko; horri buruz gogoeta egin zuen», azaldu du Mikel Alberdik. Gaiaren inguruan hainbat testu ondu zituen, eta berak eta beste lau musikarik pentsalariaren izena daraman taldea sortu berri dute elkarrekin. Mainlander izenburua jarri diote estreinako diskoari ere, zeinetan oinaze mota desberdinei buruz hitz egiten duten zazpi abesti bildu dituzten, rock progresiboaren ildotik. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin plazaratu dute lana, eta hilaren 28an hura aurkezteko lehen kontzertua egingo dute, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa). Hortik aurrera ere, kantuak «zuzenean defendatzeko» asmotan dabiltza.

Aurrez beste hainbat taldetako kide izan dira bai Alberdi (ahotsa) bai Balta Etxebarria (teklatua), Imanol Beobide (bateria), Aitor Huergo (gitarra) eta Josu Azkue (baxua), eta elkar ezagutzen zuten horregatik. Duela bost urte, ama zaintzen aritu zen garaian, hainbat letra lantzen hasi zen Alberdi. «Gizarteko gai tabuak kalera atera behar zirela ikusi nuen, eta sufrimenduaren inguruan testu batzuk idazten hasi nintzen. Bi aldetatik heldu nion gaiari, indibidualetik eta sozialetik, eta gai orokor batzuk hartu nituen: suizidioa, depresioa eta bakardadea, terrorismo patriarkala…».

Ezagunak zituen musikariengana jo zuen gero, musika instrumentala egiten zuen Marmok taldekoengana, hain justu. Eta elkarrekin, kantuak ontzen hasi ziren duela hiru bat urte. «Nik idatzitako letrak eta haien zenbait musika uztartzen hasi ginen, eta, abiapuntu horretatik, horiek lantzen edo abesti berriak sortuz joan ginen». Fredi Pelaezekin grabatu zituzten diskoko zazpi kantuak, iragan otsailean, Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioan.

Hika baliatu du Alberdik letra gehienetan. «Izan ere, bi kantutan izan ezik, Mainlanderri kontatzen diot gaur egun nola ikusten dugun mundua». Ez dira samurrak hizpide dituzten gaiak, baina, hala ere, esan beharrekoak direla uste du Alberdik. «Tabuak diren gai batzuk mahai gainean jartzea zen asmoa, ea gai ginen horiez lasai hitz egiteko eta musika egiteko, dramatismorik gabe, musika goxoa ere egin daitekeelako, humanoagoa egiteko sentsazioarekin». Hain zuzen, diskoa entzun duen jendea harritu ere egin dela uste dute taldekideek, «nahiz eta mezuak gogorrak diren eta kañeroa ere baden, goxoa delako entzuteko». Egiten duten musika definitzea zaila dela dio abeslariak, baina rock progresibotzat har daitekeela iritzi dio. «Uste dut abesti guztiak direla desberdinak, eta oso landuak daudela».

Hitzak ontzeko prozesuan, iragan martxoan hil zen eta lagun mina zuen Iñaki Segurola idazlea laguntzaile izan zuela nabarmendu du. «Txikitatik ezagutzen genuen elkar, bere depresioaren gorabeherak urteetan jarraitu izan ditut, eta beti egon gara elkarren alboan». Diskoko azken bi abestiak, Psikiatrikoa eta Heriotzaren muxua, harekin batera edo harekin izaniko elkarrizketen harira landu zituela azaldu du Alberdik, eta beste kantu guztien hitzak ere hark zuzendu zituela. «Haren falta izango dugu kontzertuan». Pare bat kantu hari eskaintzeko asmoa dutela gaineratu du.

 

 

Maskarak soinean

Buruko gaitzak eta haiei lotutako oinazea ditu hizpide Psikiatrikoa kantuak, eta amaren heriotzaren inguruko sentimenduak eta eutanasiaren gisako auziak, berriz, Heriotzaren muxua-k. Bestelako sufrimenduak dira ardatza beste kantuetan. Esterminioa izenekoak abiatzen du albuma; Josu Azkuek idatzi du. Nostradamus profezia iragarleari eskaini diote, «gizakiaren beldur handienetako batez, munduaren akaberaz hitz egiten duelako». Ofelia dator jarraian, Shakespeareren Hamlet obrako pertsonaiaren izena daramana; «gizonen arteko liskarren ondorioz» hildako emakumeez hitz egiteko baliatu dute haren figura. Requiem-ek heriotzari aurre egiteko eskeletoen dantzen tradizioak ditu gogoan, eta Ararat-ek, berriz, armeniarren aurkako genozidioa. Eta diskoa ixten duten azken bi kantuen aurretik dator Azeria, «sufrimendu digitalaren ihesbide bezala» natura aldarrikatzen duena.

Alberdiren ustez, musika gauza askotarako erabil daiteke; besteak beste, nor bere buruaz eta inguruaz hobeto jabetzeko. «Eta ezer ezkutatu gabe, baikor izanez baina bizi duguna biziz. Sufrimendua hor dago, baina ezkutatu egiten dugu, eta horrela ez da hobetzen gizartea, gauzak mahai gainean jarriz eta konpartituz baizik».

Diskoa zuzenean aurkezteko, ikuskizun berezia prestatzen ari dira. Hainbat kantutan, abesteaz gain, antzeztera ere joko du Alberdik, eta, horretarako, Lurdes Larrañaga artistak diseinatutako maskarak eta kapak jantziko ditu tarteka.

ZUZENEKO AURKEZPENA

Maiatzaren 28an. Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean bere lehen kontzertua emango du taldeak, 22:00etan.

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com