Folketik Jazzera

10.00 

Euskal kantugintzako hainbat klasiko (kantu
tradizionaletatik Mikel Laboa edo Oskorriren doinu hilezkorretara) jazz
giroetara moldatzen ditu Haizea Martiartu, Markinako saxo jotzaile gazteak,
bere estreinako disko honetan. Besterik gabe? Bai eta ez, egia esan. Alde
batetik hori baita diskoaren funtsa, garbi eta xinple, eta aurriritziek
bitxikeria efimero bat baino ez dela pentsa erazi dezakete. Baina ez, emaitza
ez da nolanahikoa, ezta gutxiago ere. Abesti horiek entzun, arnastu eta azaleko
poro guztietatik xurgatu eta barneratu dituen artista baten espresio guztiz
pertsonala da, ordea. Era horretan bakarrik hausnartu bait daiteke disko honen
fluidotasun harrigarri eta bai, baita bitxia ere. Gaitasun handieneko
musikariek soilik iradokitzen duten erraztasun engainagarri horretaz, Haizearen
saxoak doinuen goxotasun etxetiarra marrazten du airean lehen une batetan. Gutxien
espero dugunean berriz, mila kolore ezberdinetan deskonposatzen du edertasun
txundigarriko tapiz batetan. Abiapuntua guztiz ahaztuta, eremu oso urrun
batetan sentitzen garen unean, bueltan da berriz hain ezagun zitzaigun doinu
hura. Baina agian ez, ez da gauza bera, ezin berriz era berdinean entzun.
Behingoz, ilargiaren ezkutuko aldea ikusteko gai izango bagina bezala, ustez
ezagunak genituen doinuak berriak, arrotzak eta inoiz baino aberatsagoak
iruditzen zaizkigu orain. Haizearen magiari esker.

Azti hau nor den galdetzen badiozu zure buruari,
esan, Haizea Martiartu Bilbon jaio zela 1991an eta Markina-Xemeineko soinu
bandarekin hasi zela musika munduan, herri festa eta ekitaldi publikoak girotuz.
Hantxe garatu zuen betirako doinu eta dantza herrikoiekiko grina eta maitasuna.
 Eta ez bertakoak soilik, baita pixkanaka,
bere jakin nahi asegabeak bultzatuta eta musikaren aztarna eta loturak gure muga
sozial eta politikoak guztiz gainditzen dituztela sumatuz, ozeanoz beste aldeko
New Orleans edo Chicagoko jazzekoak ere. Bartzelonako ESMUC eskolara jo zuen
orduan jazzeko saxo karrera burutzea eta bide batez bere ikuspegi anitz hura
guztiz sendotzera “Ezusteko
pozgarria hartu nuen karrera bukatutakoan. Orduntxe konturatu bait nintzen nire
konposizioek zortzikoen kutsua zutela, euskal erritmoena, alegia. Markinako
bandan interpretatzen nituen nire lurraldeko doinu eta pieza haiena, hain zuzen
ere. Nahiz eta  teorian, eta harmoniari
buruz ikasitakoa aplikatuz, jazza konposatzen ari nintzela suposatu. Horrela
sortu zen nire haurtzaroa alaitu zuten musika horien omenaldia
“.

Bide
horren adierazle garbi, Folketik
Jazz Ensemblera”
 izenburua eman dio
Haizeak bere omenaldi disko zoragarri honi. “Aldapeko” edo “Agate Deuna”
bezalako kantu klasiko eta sinbolikoak bere konposizioekin nahastuz beste 9
musikari gazteen laguntza izan du Haizeak bilduma dotore hau atondu ahal
izateko: Lucia Fumero (pianoa) Sergio del Campo (zeharkako flauta eta
piktoloa), Joan Mar Sauque (tronpeta), Julio Marin (klarinete sopranoa eta
klarinete baxua), Jofre Alemany (saxo tenorra), Eneko Urrestarazu (tronboia),
Carla Gonzalez (kontrabaxua), Pol Ribó (bateria).

Abangoardia,
tradizioa, herrikoia, unibertsala, jazz kosmiko edo zortziko xumea… ahaztu
ditzagun etiketak. Haizea Martiarturen magia, hitz batetan.

Disc Type: CD
Publication date: 2020/12/03
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com