Kontuz disko
honekin. Bere pop-rock itxura atsegin, itsaskor eta familiarraren azpian basapiztia
arriskutsu eta eder bat izkutatzen baita. Taldeari izena ematen dion Phillip Mainländer pentsalari alemaniar
bikainak zioen moduan unibertsoaren sorrerak sufrimendua eragin zuen eta ez
gara inoiz sufrimendu horretatik askatuko. Jaiotza eta heriotza etengabeak dira
bizitzaren barnean. Sufrimendua, plazerra, edertasuna, soinua eta isiltasuna
bata bestearen barnean bizi dira. Izatea eta ez-izatea bereizezinak dira. Pop
doinu goxo baten baitan sufrimenduak lekua badu eta hartaz gozatzea ere badago.
Edo, hobe esan, agian hori da benetan eta guztiz gozatzeko modua.
Hari horretatik
tirata eta ausardia, zorroztasun eta sentsibilitate finez Mainlander taldeak
estreinako disko txundigarria eskaini digu. Sufrimenduari bizkarra eman gabe,
aurre egin eta bere doinu eta hitzak zizelkatzeko buztina bihurtu dute.
Musikaren balio sakratua eta aintzineko tradizioekiko harremana aldarrikatuz,
pop formatuak sarriegi eragiten duen anestesia eta autismo kulturala salatu eta
baztertzen saiatu dira. Ondorioz, gutxien espero genuen tankera eta unean gure
barneak bortizki astintzen dizkigu eta ezinezkoa zaigu azken notaraino atentzio
osoa mantentzea.
Mikel Alberdiren eskutik datoz Mainlander diskoaren hitz latz bezain hunkigarriak, baina hortaz
gain taldearen partaideen jatorriaz ezer gutxi dakigu. Azpeitiarrak dira eta
Mondocane, Jo!, 12 Tribu edota Elvisabuelo moduko taldeetan aritutakoak dira.
Ez dago aurrekaririk eta agian jarraipenik ere ez da izango. Nork daki? Ez dugu
datu gehiagorik behar. Agian hobe da honela izatea eta diskoan ezer jakin gabe
murgiltzea. Ausardiak oparia dakar beti.