Etxeko doinuak
Iturria: Berria
Eguna: 14/08/2024
Musikan egin duen bidearen isla dira pianistak aukeratu dituen lau kantuak: rock-and-rollaren lagina, pop-rock klasikoarena, euskal musikarena eta klasikoarena.
Mikel Lizarralde
Donostiako etxeko egongelan duen apalategiari begiratu, eta albo batean dauden diskoei so, «hau nire santutegia da», adierazi du Joserra Senperenak (Donostia, 1965). Besteak beste, The Beatles, Simon & Garfunkel eta Tom Waitsen lanak ditu bertan, baita haiei buruzko liburuak ere. Beste apal batzuetan, beste liburu eta CD batzuk ageri dira —jazzekoak, Rod Stewarten Foot Loose & Fancy Free (1977) lehen planoan—, «guztiak oso gustukoak», baina ezkerraldean dituenek badute zerbait berezia beretzat.
Gurasoak bereziki musikazaleak ez izan arren —«lau disko izango zituzten, Luis Marianorenak eta»—, txikia zenean bere etxean musika asko entzuten zela gogoan du Senperenak. «Bagenuen osaba ilustratu bat, Europan zehar ibiltzen zena, eta single piloa ekartzen zituen, modako kantuak». Baina anaia eta arreba zaharrek ere zaletu zuten Senperena gaztetxoa. «Baziren euskal musikako diskoak etxean: Xabier Lete, Mikel Laboa, Urretxindorrak, baina anaiek eta lehengusuek rocka entzuten zuten, eta arrebek, berriz, [Joan Manuel] Serrat, Paco Ibañez, Los Machucambos». Horiek guztiek eta irratian entzuten zituenek elikatu zuten Senperenaren musika gosea. «Familian ez da izan, nire aurretik, musikaririk; niri zaletasuna diskoen bitartez etorri zitzaidan».
Joserra Senperena bere etxean duen pianoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
BERRIAk eskatutako ariketari erantzuteko asmoz Senperenak hautatutako lau kantuek pianistaren alderdi ezberdinak ordezkatzen dituzte, baina onartu du bere zaletasun batzuk zerrendatik kanpo gelditu direla ezinbestean: jazza, Deep Purpleren Made in Japan zuzeneko diskoa, Stewarten Foot Loose & Fancy Free —«rock banda bat niretzat zer den adierazten du»—, eta Peter Gabrielen garaiko Genesis taldea. Azken horri dion maitasuna adierazteko luzatu du azalpena: «Genesis entzutea etxera bueltatzea bezala da. Asko gustatzen zait, adibidez, Foxtrot diskoa, eta, hain dira musikari onak, disko hori ikuspegi ezberdinetatik entzun dezaket. Peter Gabrielen ahotsetik entzun dezaket diskoa hasi eta bukatu arte, edo teklatuetatik. Bateria joko banu beste tresna guztiak nola entzungo nituzkeen irudikatzen dut. Eta berdin ahotsarekin». 1970eko hamarkada hasierako rock progresiboko beste ordezkari batzuekin gertatzen ez zaiona gertatzen zaio Genesisekin: «Yes, Emerson, Lake & Palmer eta King Crimson entzuten ditudanean, musikari birtuosoak entzuten ditut. Genesisekin ez zait gertatzen. Musikari oso onak dira, baina, haien diskoak jartzean, musika entzuten dut, ez besterik».
The Fat Man – Fats Domino (Live in Europe, 1977)
Ondo gogoan du irratian entzun zuela, lehendabizi, Fats Dominoren The Fat Man, «Herri Irratian, ziur aski, amak piztua izaten zuelako beti», eta zer-nolako zirrara eragin zion. «Uste dut disko honekin deskubritu nuela rock-and-rolla». Irratian entzun, nonbait apuntatu zuen izena, eta berehala joan zen Donostiako Discos Ugarte dendara, gerora Xaribari izango zen horretara, hura erostera. Eskuratu zuen lehenengo diskoa izan zen, eta erabateko lilura eragin zion. «Rock-and-rollak hiru akorde dauzka, eta, etxean genuen jostailuzko organo batekin, Sonitoy batekin, hiru akorde horiek ateratzen orduak eta orduak pasatu nituen. Artean ez nintzen pianista, baina niretzat hura shock bat izan zen». Nolabaiteko musikari, interprete, Dominoren diskoarekin bihurtu zela dio Senperenak. «Jotzen hasi, Do, Fa…eta ikasten nindoan eta emozionatzen nintzen. Kantua hasten da pianoarekin, dan-da-dan… ez da piano oso distiratsua, baina niretzat flash totala izan zen».
Beste musika batzuk gustuko izan arren, aitzindarien rock-and-rollak [Fats Dominok 1949an grabatu zuen lehenengo aldiz The Fat Man] asko markatu zuten Senperena gaztea. Hain zuzen ere, 13 urterekin pianoa jotzen hasi zen, eta gogoratzen du La Salle ikastetxean zegoen batekin jotzen zuela The Fat Man. «Genesis eta Pink Floyd ere gustuko nituen, baina haien musika 14 urterekin jotzea ezinezkoa zen niretzat. Hau, berriz, askoz errazagoa zen».
Dominoren diskoak beste aitzindari batzuen musika ezagutzera eraman zuten Senperena: «Gero etorri ziren Jerry Lee Lewis eta Little Richard». Ez da nolanahiko datua biak pianistak izatea. «Chuck Berryren Johnny B. Goode ere asko gustatzen zitzaidan 12-13 urterekin, eta, Discos Ugarten, haren diskoa entzuteko aukera izan nuen, baina garratza egin zitzaidan. Uste dut kontua zela Berryk gitarra jotzen zuela, eta beste hirurek, Dominok, Lewisek eta Richardek, berriz, pianoa. Une hartan ez nintzen horretaz jabetu, eta geroago ohartu nintzen, baina garbi dago. Pianoak bazuen niretzat zerbait berezia».
Let it Be – The Beatles (Let it Be singlea, 1970)
Lehendabizi, zehaztapena. Paul McCartneyk idatzitako Let it Be kantua aukeratu du Senperenak, baina single gisa atera zen bertsioan —John Lennonen You Know My Name azaltzen zen B aldean—, zeina George Martin The Beatlesen ohiko ekoizleak moldatu zuen. Let it Be LPan (1970) ere atera zen kantu beraren bertsioa, Phil Spectorren konponketekin, eta hura «atentatua» iruditzen zaio. «Taldearen aurreko diskoak ekoizpen handiko lanak izan ziren. Estudioan sartu, eta esperimentatzen hasten ziren. Baina Let it Be, aldiz, disko zuzen bat izatea nahi zuten. Spectorrek gehitu zizkion koruak eta orkestrak, baina ez George Martinek egingo zukeen bezala. Spectorren moldaketak oso arranditsuak dira».
Horregatik singlea: «Askoz hobea da. Harrisonen [gitarra] soloa, bukaerako overdub-ak, koruak…».
Ezaguna da Let it Be diskoaren grabazioa oztopoz beteta egon zela. McCartneyren asmoa rock disko zuzen eta garbi bat egitea zen, berriro ere zuzenean jotzeko aukera emango ziena. Taldeak kontzertuak emateari utzi zion 1966ko abuztuan, eta lan berri hark agertokietara itzultzeko aproposa izan behar zuen. Baina grabazioan tirabira ugari izan ziren, eta, azkenean, Lennonek eta Harrisonek Spector proposatu zuten kantuak jantz zitzan. «George Martin oso laguna zuen McCartneyk».
Urte batzuk geroago Let it Be diskoaren bertsio biluziak argia ikusi zuen (Let it Be Naked), eta hori da, hain zuzen ere, Senperenak entzun ohi duena. «Baina juxtu Let it Be kantuaren bertsioa ez dut oso gustuko. Nahiago dut singlean atera zena».
Gaur egun ere entzuten du kantua pianistak. «Eta jartzen nau!! Dena gustatzen zait kantu horretan. Melodia, pianoa… McCartneyk jo zuen pianoa, eta izugarrizko soinua du, eta hori bera ez dela pianista!». Senperenak «gospel ukitua» duten beste kantu batzuekin lotzen du Let it Be: «Bridge Over Troubled Water [Simon & Garfunkel], You’ve Got a Friend [Carole King], Mocedadesen Eres tú… denek dute puntu hori, gospeletik gertu dagoena».
Letra ere oso gogoko du, nahiz eta lehenengo aldiz entzun zuenean ez zuen ulertu. «McCartneyk esaten du amak esaten ziola arazoak daudenean lasai uzteko pasatzen. Hor badago bizitza filosofia bat. Bridge Over Troubled Water-ek ere antzeko mezua du: ‘Arazoak dauzkazunean, ondoan izango naiz’. Eta gauza bera gertatzen da You’ve Got a Friend-ekin». Simon & Garfunkelen kantuarekin dituen antzekotasunak gehiago ere badira Senperenaren irudiko: «Bietan pianoak garrantzi handia dute, biak dira 1969koak. Simonenak hitz egiten du maitasunaz eta honek arazoez, baina bietan badago bihotz oneko filosofia bat».
Ni naiz – Xabier Lete (Xabier Lete, 1974)
Osaba «ilustratuak» etxera eramandako diskoetako bat izan zen Xabier Leteren lehenengo luzea, eta, gaur egun ere, oso gogokoa du Senperenak. «Leteren oso zalea izan naiz, eta orain ere banaiz. Baina, gehienbat, 1970eko hamarkadan egin zituen hiru disko haiena [Xabier Lete, 1974; Kantatzera noazu, 1976; eta Lore bat, zauri bat, 1978]. Gerora egin zituen beste disko batzuk, baita bertsoekin ere, eta ondo daude. Baina, niretzat, ezinbestekoak hiru horiek dira».
Gurasoak euskaldunak izan arren, Senperenak ez zuen euskara menderatzen gaztetxoa zenean, eta, behin, Ni naiz kantua irratian entzun zuenean, amari galdetu zion ea zer esaten zuen: «Hark erantzun zidan: ‘Kontu tristeak’. Ez nintzen hitzez kontziente, baina musikaz bai, eta erakartzen ninduen izugarri». Eta erakarpen horren zergatiak ere azaldu ditu: «Letek ahots oso basatia zuen, oso rockeroa, eta oso erakargarria zitzaidan. Baita doinua ere. Oso grabe hasten da, eta gero asko mugitzen da. Niri asko mugitzen diren doinuak gustatzen zaizkit. Adibidez, Bob Dylanen doinuak ez dira apenas mugitzen, ezta Lou Reedenak ere».
Euskara ikasi zuenean jabetu zen Senperena Ni naiz-ek zer esaten duen, eta orduan ohartu zen, doinuarekin ez ezik, Letek esaten zuenarekin ere bat egiten zuela: «Letra existentzialista da, agnostikoa».
Kantu bat zer den ere adierazten du Ni naiz-ek, pianistaren iritziz. «Kantua da musika, doinua eta letra, eta horien uztarketatik sortzen da gauza berri bat. Kontu miresgarria da». Alde horretatik, ez du zalantzarik Leteren garrantziaz: «Niretzat, Lete eta Iparragirre dira euskaraz idatzitako kantu onenen egileak».
Gaur egun, Leteren hirugarren diskoa gehiago gustatzen zaio Senperenari, «agian, Antton Valverderen pianoa nabarmenagoa delako» lan horretan. «Lehen diskoan ere bada Valverde, baina pianorik ez da; gitarra eta sintetizadore bat dira protagonista nagusiak».
Piano eta orkestrarako kontzertua Sol maiorrean – Maurice Ravel (1932)
Rocka izan du eskola Senperenak, baina, musika ikasketak egin zituenez, azkeneko ikasturtean kontzertu bat prestatu behar izan zuen piano eta orkestrarako. Eta Maurice Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua Sol maiorrean aukeratu zuen. «Zoragarria da».
Hiru zatitan banatutako kontzertua da Ravelena, eta bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. «Lehenengoa eztanda bat da: harmonia, erritmoa, tinbrea… Ravel ezagutzen dutenek esaten dute hura zela orkestraren tinbreak hobekien ezagutzen zituen konpositorea». Hain zuzen, euskal konpositorearen piezarik ezagunena, Boleroa, tinbreekin jolasteko ariketa dela esaten dute haren adituek. «Piano eta orkestrarako kontzertuan ere, batez ere lehenengo eta hirugarren zatietan, orkestraren tinbreak oso nabarmenak dira. Perkusioak dira su festa bat; harmonia aldetik jazza ere agertzen da, eta badu ukitu exotiko bat ere».
Lehen eta hirugarren parteak orkestraren leherketak diren bezala, bigarrenean pianoak hartzen du protagonismo erabatekoa, eta, Senperenaren iritziz, «surf egiten du» melodiaren gainean. «Jakina, konpasean dago, baina ematen du surf egiten duela. Badirudi oso erraza dela, baina ez da horrela, inondik ere».
Ikasketak amaitu zituenean, rocka egin nahi zuen pianistak, baina, urte batzuk geroago, berriro lotu zitzaion musika klasikoari. «Bitxia da, baina La Buena Vida taldearekin berreskuratu nuen alderdi hori. Proposatu zidaten haientzako moldaketak egitea, eta, horretarako, berriro jo nuen harmonia klasikoaren arauetara. Badakizu, ahotsak hau egiten badu, beste honek hau egin behar du; baxuak hau egiten badu, beste horrek hau…». Senperenak argitaratu dituen azkeneko lanetan klasikoarekiko lotura horren eragina ere badago. Horren adibide da, esaterako, Lied koadernoa, Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin batera grabatutako diskoa. «[Pablo] Sorozabalen hiru lied entzun nituen, eta konturatu nintzen orain dudan kantuaren kontzeptua horretatik oso gertu dagoela. Doinua, harmonia, pianoa jotzeko era hori… Unibertso horretara gerturatzeko ahalegina izan da».
Eta ikasketa amaierako kontzertu hartatik hona, jo du berriro Ravelen kontzertua? «Ez, ez dut berriro jo. Hori jotzeak izugarrizko entrenamendua eskatzen du. Kirolean bezala gertatzen da: uzten baduzu, muskulua desagertzen da».