Jazz klasikoa eta originala korapilatu ditu Irati Bilbaok «Bloom» disko berrian

Iturria: Gara

Eguna: 26/10/2024

Irati Bilbao jazz abeslari durangarrak «Bloom» diskoa aurkeztu du. Konposizio estandarrek eta berak sortutako abestiek osatzen dute lana, sentimenduz eta teknikaz hornituta. Azaroaren 21 eta 22an izango ditu lehenengo kontzertuak, Barakaldon eta Iurretan.

Asier Robles

“Begin” lanarekin debuta egin eta lau urtera, Irati Bilbao durangarra “Bloom” izeneko bigarren diskoarekin itzuli da. Atzo aurkeztu zuen Bilboko Power Records dendan.

Azken boladan jazz eszenaren barruan izan den irudi garrantzitsuenetako bat eta proiekzio handienetakoa izan duena da Irati Bilbaorena. Gaztelupeko Hotsak-en zigiluaren erreferentzietako bat da. Soraluzeko diskoetxe beterano hau euskal jazz-eszena berrian mugitzen ari denaren ahots adierazgarria da.

Artearen historian eta kultur kudeaketan graduatua izateaz gain, jazz musikari durangarra Musikenen hezi zen musikalki eta hori erabakigarria izan zen jazz musikara bideratutako ibilbide ederra definitzeko orduan. Bere proiektu pertsonala garatzeaz gain, beste hainbat proiektutan ere parte hartzen du, hala nola folka aztertzen duen Sarrabete taldean; Ander Ertzilla eta Luigi Anselmiren Ekurun proiektuan; dantza saioetarako estandarrak egiten dituen Bilbao Lindy Band bandan; bai eta Jazzbana Ensembleren “Bidaia on, amona Braulia!” familientzako ikuskizunean ere.

Oraingoan, bere proiektu pertsonalean beste jauzi bat eman eta “Bloom” diskoa aurkeztu du durangarrak: Jazz klasikoa eta musika originala, sentimenduz eta teknikaz hornitua, arima soinuarekin lotzen duen eta arte bihurtzen duen hats sotila.

Zortzi abestiz osatutako lana da. Ingelesa, gaztelera eta euskara tartekatzen ditu. “I Fall in Love Too Easily” eta “Devil May Care” bezalako klasiko estandarren bi birsorkuntza daude, zeintzuei Iratik bere ukitu pertsonala eman dien.

Baina lan honetan Iratik berak idatzitako abestiek hartzen dute protagonismoa. “The Tree” Iratik Irlandan igarotako urtean oinarrituta dago, zehazki; bere gelatik ikusten zuen zuhaitz handian inspiratu zen abestia idazteko. Diskoari izena ematen dion “Bloom” kantak, «inspirazio falta daukagunean zer-nolako pazientzia izan behar dugun» jorratzen du. “Intimate”-k «maite ditugun pertsonekin konpartitzen dugun intimitateari» buruz hitz egiten du.

Marta Valdesen “¿Hacia dónde?” boleroa ere sartu du diskoan, eta lanari “Mendian Gora”-k ematen dio amaiera, jatorriz Imanol Larzabal abeslari eta konpositoreak eta Xabier Amuriza idazle eta poetak idatzitako konposizioak.

Durangarrak Mikel Nuñezen laguntza izan du pianoan, Fran Serranorena kontrabaxuan eta Aitor Bravorena baterian. Eta berrikuntza gisa, Alvaro Zarzuela tronboian eta haize konponketan, Xabier Arriola fliskornoan eta tronpetan, eta Haizea Martiartu saxofoian. Oiartzungo Mecca Recording Studio-n grabatu, nahastu eta masterizatu zuen Mikel Ezeizak.

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com