Anfetamiñaren Mugak
Musika eta literaturaren
arteko harremanak bide luzea eta oparoa egin du euskal kantagintzan. Maiz jo
dute musikariek idazleengana kantuetarako hitzak sor zitzaten eskatzeko, edota doinua
jarri diete aurrez argitaratutako poemei. Badira idazle edo liburu bati eskainitako
disko monografikoak ere. Azken multzo horietako bat duzu hau.
Alberto Gonzalezek
(6nemen9, Uler-600 eta Aterking taldeetan ibilitako musikariak) Xabier
Montoiaren Anfetamiña poema liburuari
musika jartzeko sortutako proiektua da Muga. 1983an argitaratu zuen Montoiak bere
lehenengo poema liburu hura, Hertzainak
taldea utzi berri eta M-ak sortzen ari zen garaian. Hortaz, punk giroa Euskal
Herrira zabaltzen ari zen garaian idatzi zituen Gasteizko idazleak olerki hauek
—Sex Pistolsi eskainita dago liburua—. Ondorioz, musikatik asko dute, rock&rolletik
batez ere, eta drogei eta sexuari buruzko erreferentziak ere ugari dira liburu
osoan. Rockaren kultura euskal poesiara ekarri zuen estrainekoz Montoiak.
Material aproposa zen beraz,
rockaren hizkuntza eta estetikara egokitzeko. Hori pentsatu zuen Alberto Gonzalezek
(Elgoibar, 1973) duela bost inguru proiektua gauzatzeari ekin zionean. Montoia
erreferentetzat izan du betidanik: “Punk bat da, Euskal Herrian punka beste era batean ulertu
duena, jarrera eta nortasun handikoa”. Zenbait abesti konposatu
ondoren, Bilboko rock alternatiboko eszenan ezagunak diren bi musikariri
erakutsi zizkien —Iñigo Romera baxu joleari (Cancer Moon, Los Clavos, Cujo, El
Inquilino Comunista, Basurita…) eta Iñigo Egillor bateria joleari, (Gringo
Arana, Billy Bao…)— eta Itziar Beristain abeslariarekin batera erabaki zuten
ohiko rock taldearen moldea gainditu eta proiektu multidiziplinar bat osatea,
zeinean musika eta hitzekin batera, alderdi bisualak garrantzi handia izango
zuen. Arlo hori lantzeko, Euskal Herriko rock eszenarekin harreman estua duen
J.A. Areta Goñi Juxe argazkilariarengana
jo zuten; hark sortu ditu zuzeneko emanaldietan proiektatuko diren irudiak.
Mugaren lehen diskoak iraupen
laburreko zortzi abesti biltzen ditu, ildo ezberdinetakoak:
badira rock alternatiboko aleak —“Ireki ezan”, “Ohearen gainean”, “Kexa”—, eragin
velvetiarrak dituztenak —“Agur”—, une pop zaleak —“Gogoratzen al haiz?”— eta pasarte
anbientalak —“Small song”—. Halaber, Fermin Muguruzak ahotsa jarri dio liburuko
poema ezagunenari, “Batzuentzat”, zeinean berarentzat historia David Bowiek
ilea moztu zuen egunean hasi zela dioen Montoiak.
Lehen disko honetan, soinu
ilunaren aldeko apustua egin du Mugak, Montoiak lehen pertsonan idatzitako maitasun
minezko poemei darien giroa egoki islatzen duena.