Behar bizia
Albertok txikitatik jakin izan du musika zela
bere hizkuntza eta bere bizia. 7 urte zituela saxofoia (altoa haseran, tenorea
gero) aukeratu zuen bere instrumentu
nagusi bezala eta ordundik lagun izan du bere ibilbide guzian; Pablo Sarasate
Kontserbatoriotik Amsterdamekora, aparteko kalifikazioez beti eta Dick Oatts, Gerald
Clayton edo Dave Douglas moduko musikari handien ikaskuntzak jarraituz. Baita elkarlanetan (Anaut, Broken Brothers Band) edo
bakarlari moduan aritu denean ere. Baina
teknika eta hizkuntzaren menperatzea ez da nahikoa; esateko, elkarbanatzeko eta
azken batetan, komunikatzeko, ezer ez badago. Eta hor
azaltzen da benetazko Alberto, saxofoiaren soinuaz ederki espresatu arren,
ixilarazi eta ondoko musikariei entzuten dakiena. Ikaskuntza eta harreman
internazional horiek izan arren, Gares-eko (Nafarroa) jaioterri txikian
bizitzen jarraitzen duena. Bere erro, lagun, familia eta bizimodu lasaiari
atxekituta eta maitasun osoz egunero gozatuz.
Horixe da, 2018ko Urrian ELKAR estudioetan
Victor Sánchez-en ardurapean grabatutako “Behar
Bizia” disko honetako 9 doinuek transmititzen dutena. Bill Evans-en
“Show Type Tune” ezik Alberto beraren konposizioak denak. Irekieran,
itxieran eta erdialdera tartekatutako hiru interludioen artean, 6 pieza luze.
Lasaitasunez dastatu beharrekoak. Albertorekin batera, Alejandro Mingot (abangoardiako giroetan hazitako gitarra zorrotza),
Kike Arza (era guztietako
abenturatan aritutako baxu bikoitza) eta Dani
Lizarragak (Lurpekariak, Broken
Brothers edota Javier Lopez Jaso
& Marcelo Escrich eta beste hamaika direla, beti sostengu emateko prest
dagoen bateria malgu bezain sendoa) osatzen duten laukote eta Chris Kase-ren tronpetak han eta hemen
egiten dituen agerpenen arteko elkarrizketa, elkarbanatzea eta komunikazioa
bere aberastasun osoan hausnartu ahal izateko. Janzkera eta ehundura dotore,
leun eta patxadatsuaren atzean dihardun suaren maite-garra sumatu ahal da
orduan eta plazer osoz, gar horiekin bat egiteko gonbiteari baietza eman ere.
Albisteak