Homenatge a les Grans Dames del Blues
Ez da abesti eraginkorrenen edo esanguratsuenen laburpen bat osatzeko xedean pentsatutako lana, musikarien barruraino iritsitako lanekin osatutako lana baizik. Diskoan ageri diren urmargoak Pol Borrásek berez eginak dira, lan honetara jasotzeko xedean adeitsuki utziak.
Pep Cachazo, Toni Pedrol (gitarrajotzaileak) eta Ana Ramallo (ahotsa, hastapenetan Anna Cannals) takdekideek horrela azaltzen dute ekimena:
Gure ikuskizunak denboran barreneko bidaia batean du abiapuntua, bluesak 1920. urteetako hamarraldira eramaten gaitu, bluesa landa munduko musika zen garaira, bluesa maila apaleko lokaletan eskaintzen zen baina orduko biztanle beltzen artean arrakasta handikoa zen garaira. 1929. urtetik aurrera, Beheraldi Handia nagusitu zenean, estilo honek gainbehera handia ezagutu zuen, nahiz eta ahots batzuek denboran zehar bizirautea lortu duten.
Hizpide izango ditugun emakumeak haurrak zirenean gospela abesten zuten euren herrietako eliza ebanjelarietan. Garai haietan, gospela bide zen beltzen komunitatea Jainkoarengana hurbilarazten zuen musika. Arrakasta lortzen bazuten, nerabezaroan musikari emateko erabakia hartzen zuten, eta herriz herriko antzerki konpainia txikietara biltzen ziren, vaudeville moldeko ikuskizunak eta beltzen komunitateei ongi pasarazteko izen handirik gabeko komediak eskaintzen zituzten konpainietara. Sarri askotan, ikuskizuna amaitzen zenean, bluesaren bat abesteko eskaera egiten zieten ikusleek, eta antza, musika estilo honek arian-arian blaitu egin zituen emakumeak, guztiz bluesari emateko erabakia hartzeraino.
Disko honetan omentzen ditugun emakume hauetako asko eta asko etxe oso apalekoak ziren, baina abeslari ezagunak izatera iritsi ziren, disko ugari saldu zituzten eta ondo aberastu ziren. Bizioei erraz lotzen zitzaizkien, eta euren bizitza sentimentalak oso gorabeheratsuak izan ohi ziren, neke handiz lortu zuten hura guztia arriskuan jarrita.
Garaiko bluesmenek ez bezala (hauek benetako arlote gisa zebiltzan Estatu Batuen hegoaldeko lurraldeetan barrena aldean gitarra eta aho-soinu bat baino ez zutela), emakumeen munduko bluesaren aitzindariek dixielan mundutik etorritako musikari onak izaten zituen lagun, eta ondorioz, askoz ere sofistikatuagoa zen hauen estiloa.
1930. urteetatik aurrera, lehendik ere boladan egon ziren beste estilo batzuk berrindartu ziren, eta hauek (jazz, swing,…) bluesari nagusitu zitzaizkion, eta emakume hauetatik asko eta asko, luzaroan egon ziren ahazturik, bidegabe. Batzuek, besteak beste Bessie Smith, Ma Rainey eta Victoria Spiveyek, lortu zuten belaunaldi berriko abeslariengan (Billie Holiday, Ella Fitzgerald, …) halako eragina izatea. Azken hauek bihurtu ziren estilo berrietako erreginak, baina zailtasun berri batzuei egin behar izan zieten aurre.
Gaur egun bluesa ez da jende kopuru ikaragarriak erakartzen dituen musika, baina jarraitzaile leialak izaten jarraitzen du, eta hazten eta bere bidea egiten jarraitzen du. Ildo honetatik, bidaia honetara emakume bat gonbidatu nahi izan dugu, gure herriko bluesean egun erreferentzia dena eta guretzat ere inspirazio iturri badena, Big Mama, alegia.
Bidean gauza asko geratu zaizkigu azaldu gabe. Agian beste omenaldi bat beharko dugu!
Historialariek eta musikologoek ezin aipa gabe utz daitezkeen hiru artista bereizten dituzte deskribatu berri dugun munduan: Bessie Smith, Ma Rainey eta Victoria Spivey. Baina badira beste artista garrantzitsu batzuk, oharkabean pasatzen badira ere. Guk horietako batzuk hartuko ditugu ahotan, gugan ondorio handia izan dutenak euren historiagatik edo eraginagatik, baina ondo asko dakigu blues musika moldearen emakume aitzindari asko eta asko bidean utzi ditugula.
Albisteak