Pozoia zabalduz

18 ekaina, 2018

BROKEN BROTHERS BRASS BAND

 

Txertaketa

Mundu orok daki
jazzaren sehaskatzat hartua dela New Orleans. Tradizioaren arabera, europar
musika bandaren eta musika beltzaren kontzeptuen arteko fusioak sortu zituen
XX. mendearen hasieran Brass band direlakoak edo funtsean haize instrumentuek
osaturiko bandak. Herri musikaren aldaera honek egindako ibilbideari eta jazz
musikaren bilakaeran izandako garrantziari esker, Mardi Gras inauteriko
hiriburuari soinu banda jartzeaz gain bere horretan genero ere bihurtu da,
berezko hizkerarekin eta kaleko mintzaerarekin, eta hasiera batean hileta eta
bestelako ospakizunak girotzeko sortu zenak gaur egun bere isla du,
iparramerikar musika beltza ia guztiak bezala, munduaren gainerakoan.

Barañainen
Sustraian records-en  “La nabe”
estudioetan Mighty Martyk eta Diego Ramosek grabatua, nahasketak Moisés No
Duermek Bird & Cage-n eginak eta masterizazio lanak Ibon Larruzeak Euridia
estudioetan eginak. Broken Brothers
Brass Bandek
berak eta The Sustraiansek ekoitzia da “Txertaketa“, 2006. urteaz geroztik
tradizioa eta sustraiak New Orleanseko musikarekin ez ezik Funkarekin,
Jazzarekin, Soularekin eta Txarangarekin ere uztartu dituen banda nafarraren
laugarren eta azken lana. Ion Celestino
tronpeta jotzailea taldeburu, Mario Diaz
de Rada
(tronpeta jotzailea), Iñaki
Rodriguez
(saxo baritonoa), Adrián
Fernandez
(tronboia), Miguel Moisés
(tronboia), Eneko Urrestarazu
(tronboia), Alfonso Areta
(sousafoia), Juanpe Medrano
(sousafoia), Daniel
“Monstruito” Lizarraga
(panderoa, ohola, danborra), Gorka Gaztanbide (danborra) eta Jon Uribeetxeberria (dunbala) musikariek
Nerea Erbiti, Terela Gradín
eta Sivia
Pérez
  abeslariek eta beste
laguntzaile sorta handi batek parte hartu dute grabazioan. Gehienek jazz
taldeetan edo herri eta/edo abangoardiako taldeetan jotzen dute. Kaleko
zuzenekoak eta agertokiko emanaldi bizi-biziak lantzen eta eskaintzen ditu
bandak. 

Hasieratik
adituko dugu lan honetan zehar lagun izango dugun second line usain gozoa, “Agur Jaunak” gaian euskal
tradizio petoenarekin eta “Monstuito special” gaiarekin uztartuz,
“Greba Mugagabea” gaian jazzaren lurraldeak bisitatuz eta
“Martin & Marcella” gaiarekin berriz ere kalera itzuliz.
“Xuri guztiak ez dira irinak” gaiarekin, euskaraz eta gaztelaniaz
interpretatutako raparen bidez, eutsi egiten dio bandak bere espiritu
egongaitzari. Dut taldearen “Ezjakintasunaren kateak suntsitu”
gaiaren bertsioan, jazzaren eta funkaren artean dabil banda, eta Afrikara
eramaten gaitu “Elhadji Ndiaye” gaiaren bidez. “Estamos del otro
lado” eta “Geure Gainetik” gaiek berriro ere dakarkigute Mardi
Graseko usain gozoa Iruñeko kaleetan barrena, bidaia honi hasiera emandako
“Agur Jaunak” gaiarekin, ongietorria bezala agurra izan baitaiteke,
amaitzeko. “French Quarter” auzoan egiten den desfilearen doinua
dario “Txertaketa” lanari, baina funka eta jazza nagusitzen dira,
aldarrikapenak egiten dituen, gauzak kontatzen dituen eta asperdura salatzen
duen bandaren soinua du, gonbit egiten digu kalean dantzatzeko eta gozatzeko,
mintzatzen den hizkuntza edonongoa delarik ere.

A priori inork
ere ez luke antzekotasun askorik aurkituko New Orleans eta Iruñea artean, baina
aski litzateke bi hirietako kultura biziari eta kaleko kulturaren aurreko
maitasun partekatuari erreparatzea antzekotasunak handiak direla argi eta garbi
ikusteko.  Horren urrun eta horren gertu
dauden bi hiri, musika darien bi hiri bizi, lotura partekatu bat dutena, Broken Brothers Brass Band, alegia.
Gaur egun Iruñean gertatzen den lagin adierazgarria, zeinaren uhinak
ezinbestean hedatzen diren.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com