Flamenkoaren poesia
Poetaren bizitzak, bere kausak, bere esanak, bere hitzak, beti iraungo dute oroimenean. Bertsoekin jolasten den hitza, kantariaren ahotsari esker gorrotoak eta irainak eztitzen dituen berba. Antzinako lanbroan sortutako Flamenkoaren poesia betierekoa dugu, betiko izango da, betiko izango den bezala kontu eta kantu den poetaren hitza.
Poesia eta Flamenkoa eskutik joan dira maiz, 27ko belaunalditik hona bereziki: herri kultura eta kultura idatzia elkarrekin, joan-etorriko bidaian. Federico Garcia Lorca, Miguel Hernandez, Rafael Alberti edo Manuel Machadoren bertsoak maiz birsortu dituzte Manuel Torre, Antonio Mairena, Jose Menese, Camaron edo Morente bezalako ahots gorenek, elkar osatuz eta eratuz emozioen labirintoa deskribatzeko bitartekotza ezin hobean.
Bilbotar handiaren aro existentzialista umotu du Juanjo Navasek, era pertsonal baina poetaren espirituari leial eta zintzo. Curro Bermejo eta Marco Borge izan ditu lagun gitarretan, Dario Bermejo perkusioetan, Lidia de Lorenzo dantzan eta Julen Biain dantzan eta palmetan, Jagoba Ormaetxea gitarran eta tekletan, Kike Mora baxuan, Olaia Alkaraz eta Isa Hernandez koruetan. Egokitzapen lan aparta dugu hau. Oteroren poemok ez daude Flamencorako metrikan eginak, baina gure otxarkoagatarrak maisuki malgutu ditu: granainaz “En Castellano”, alegriaz “Yo soy aquel que no más decía”, tangoz “Digo vivir”, ortodoxiatik urrunduz, ortodoxiara itzulita abandoloz “Vámonos al campo”, eta tangoz ostera ere “El Ciervo”. Morenteren oihartzuna “En el principio”, guajiraren eta fandangoaren alaitasuna “Echar mis versos del alma” eta “El emigrante”. Tiento eta tangoen erdibidean “Por los puentes de Zamora”, toná “Mientras viva”, Flamenco garbi eta jatorrenean, baina bere aurretik Camaronek “La leyenda del tiempo”n eta Enrique Morentek “Omega”n agertu zuten ikuspegi berritzailearen ildoan, Sonic Trash rock talde bilbotarraren laguntzaz “A la inmensa mayoría” eta euskarazko oparia “Lagun kantua”.
“Digo vivir” eskaintzen digun Flamencoaren poesiak oroimenean iraungo du, denboraren joanean betierekoa bihurtuko da Juanjo Navasen ahotsari esker, Blas de Oteroren adieraz-hitzak, bizipenak eta kausak batzen dituen bilduma ezin ederragoan.
Albisteak