Los Reyes del KO bueltan dira
Talde batzuek zeure arreta
pizten dute entzuten diezun aurreneko aldian; beste batzuek merezi duten abesti
pare bat izan dezaketela pentsarazten dizute; baina talde gutxi batzuei entzuten
diezunean harri eta zur geratzen zara, ordura arte non izan ote diren
galdetzera eramaten zaituzte. Eta klasikoak eta aldi berean garaikideak bezain
erakargarriak diren hotsak ateratzen badituzte, gozatzea besterik ez dago, eta
jakina, gomendatzea.
Marcos Collek eta Adrián Costak
1993an elkartu zituzten euren talentuak Santiago de Compostela (Galizia)
sorterrian, biak ala biak musika beltz deituaren zale izaki, Blues, Soul, Funk
eta beste molde batzuen jarraitzaile izaki, eta blues talde bat osatzeko
erabakia hartu zuten musika molde honen aurreko zaletasunari bide emateko
xedean. Tokian tokiko ostatuetan kontzertu sorta bat eskaini eta halako
eskarmentu baten jabe egin zirenean, Marcosek Madrila jo zuen, eta han egunez
lan eginda gauez hainbat talderekin jotzen hasi zen, jam session saioetan parte
hartzen hasi zen, eta luze gabe bihurtu zen Espainiako blues talde dekanoko
kide, Tonky Blues Band taldeko kide. Gertaera honen ondorioz zeharo aldatu zen
haren bizimodua, batez ere maila profesionalean, eta handik pixka batera baita
haren “soul anaia” Adiánena ere. Adrián
sasoi batean Tonky Blues Band taldeko kide ere izan zen, lehenik bateria
jotzaile, gero baxu jotzaile eta azkenik gitarra jotzaile. Urte hauek oso
emankorrak izan ziren, emanaldi asko eskaini zituzten, eta artista handiekin
batera jo zuten, esate baterako, Mick Taylorrekin (The Rolling Stones taldeko
gitarra jotzailea) eta Buddy Milesekin (Jimmy Hendrixen Band of Gypsies taldeko
bateria jotzailea). Jazoera honek guztiz eraldatu zituen haien ikusmoldeak,
sekula ere ahaztuko ez duten musika eta giza ikasgai apartak izan baitziren bi
musikariontzat.
2002an euren taldea osatu zuten.
Javier Vacasekin eta Antonio Alvarezekin erritmo sail hoberenetako bat sortu
ostean, luze gabe kaleratu zuten euren aurreneko estudio lana, Coll vs Costa izenburukoa, Ñaco Goñik
ekoitzia. Disko honekin zaleen arreta erakarri zuten.
Hurrengo urteetan lan franko egin
zuten, Espainia alderik alde igaro zuten, eta blues jaialdi garrantzitsuenetan
jo zuten. 2004. urtean bigarren diskoa grabatu zuten, Home made Blues, Dani Alcoverrek ekoitzia. Lan hau argitaratuta
Alemanian jotzeko aukera izan zuten, eta Scmoltzeko blues jaialdian jotzeko
gonbita jaso zuten. Ikus-entzule alemaniarrek egindako harrera bikainak
harrituta, Berlingo hiria aukeratu zuten operazio-base gisa.
Michael Maassek eta Deutsche
Schallplaten sari ezagunetan izendatua izandako Hot Tin Roof albuma ekoitziko zuen Christian Rannenbergek lagunduta,
Europako hainbat jaialditan parte hartzeko aukera izan zuten. 2005ean Berlin
Jazz & Blues Award saria irabazi zuten. Aldi berean musikari guztiz
ezagunak ezagutu zituzten, esate baterako, Sidney “Guitar Crusher” Selby, Angela
Brown, Eb Davis, Sugar Blue eta Charlie Musselwhite, eta eurekin batean lan
egiteko aukera izan zuten. En 2006an zuzeneko batean grabatutako diskoa
kaleratu zuten, Live in Yorckschlösschen
Berlín, Alemaniako hiri honetako klub guztiz ezagun batean grabatua.
2009. urtean Tino Gonzales
bluesman beterano mexikarrarekin jardun zuten eta grabatu zuten, eta Funky Tortillas lana eman zuten
argitara. 2010. urte hasieran, berriz, lanik pertsonalena grabatu zuten, batez
ere haiek berek sortutako gaiez osaturiko lana.
“It´s fiesta time!” 2010eko aurreneko hilabeteetan erregistratu zuten Alemaniako behialako
irrati publikoaren Funkaus estudioan. Markus Birken izan zuten hots teknikari,
nahasketak New Yorken egin zituzten Daptone Records etxean, Binky Griptiteren
zuzendaritzapean (Amy Winehouse, Sharon Jones and The Dapkings) eta
masterizazio lanak Kalifornian burutu zituzten Calexico bezalako taldeekin lan
egindako JJ. Goldenen eskutik. Disko hau 2010eko abuztuan banatu zuten Europako
herrialdeetan barrena.
Talde honetan eragin handia
dutenen artean, besteak beste honako musikari hauek aipatu behar dira: Charlie
Patton, Buddy Miles, James Brown, Jimmy Hendrix, Little Richard, Ray Charles,
BB King eta Michael Jackson. Erreferentzia hauek gogoan, erraz imajina genezake
zer topatuko dugun euren lanetako eta batez ere zuzeneko emanaldietako batzuen
aurrean.
Los Reyes del KO taldeak estilo klasikoko bluesa egiten du, musika molde honen
urrezko arora garamatzan bluesa. Gitarraren sentimenduak, teklatuen
zorroztasunak lagundurik eta haizezko musika tresnak edo saxofoia alde batera
utzi barik, zeharo apaintzen ditu guztiz gomendagarria den talde honen abestiak.
Gainera ateak irekitzen dizkie beste estilo batzuei, esate baterako, Soulari,
Funkari eta une jakin batzuetan baita Hip-Hopari ere. Talde honen ezaugarri
aipagarrienetako bat aho-soinuaren erabilera da, musika-tresna hau ezin hobe
erabiltzen baitu. Eta gainera Bluesaren eta Soularen izar klasikoek izenpetuak
izan litezkeen abestiak sortzeko duten erraztasuna da talde honen beste alderdi
guztiz aipagarria, klasikoen doinuak baitarizkio, eta hori ezin dute eta ez
dute ezkutatu nahi.
Talde honen bluesak jatorrizkoenetik
modernoeneraino egiten du jauzi, betiere
funk, soul, hip-hop eta musika latinoak kutsaturik. Taldearen erritmoarekin,
indarrarekin eta umorearekin denak aztoratzen dira, eta jende askok blues kontzertu
baten aurrean zuen aurreiritzia aldatzea eragiten du. Eta hori guztia benetako
blues talde “bihurri” bat izateari utzi gabe, hots sendo, lizun eta
jostagarriak eskaintzen dituen taldea izateari utzi gabe. Zure herritik gertu
kontzertu bat eskaintzeko asmoa badute, ez ezazu aukera galtzen utzi.
Albisteak