Piano bluesaren erreferentzia

4 martxoa, 2019

Urteak errepideetan
eman izanaren, artista handiekin ezin konta ahala kolaborazio lan egin
izanaren, birak eta disko askotan parte hartu izanaren emaitza da lan hau,
baina batez ere pianista eta abeslari donostiar honen heldutasun musikalean eta
talentuan oinarritutako lana. Bi saiotan grabatua da, zuzenean, Abdell B. Bop kontrabaxu jotzailearen
Big Spoon Records estudioetan. Hain zuzen ere Abdell B. Bopek eta Romain Gratalon bateria jotzaileak
osatzen dute hirukote formatu hau, baina ezin aipa gabe utz daitezke Tejerizo Sylvain saxo jotzailearen eta
Texasko Chris Ruest gitarristaren
kolaborazio lanak.

Funtsean disko organikoa eta
zintzoa da “A French Session”, Blues generoko piano
gida bihurtzeko osagai eta ehundura guztiak ditu, hori bai, New Orleanseko
musikaren eragina nabarmena delarik. Paulek urteak eman ditu Frantziako
zirkuituetan barrena, eta agian horrexegatik du bere estilo propioa jotzeko
garaian, eragin hori agerikoa egiten baita hasiera-hasieratik “What Can I
Do” gaian, Tejerizo Sylvainen saxoak lagunduta, edo Sonny Boy Williamson
I-ren  “New Early In The Morning”
klasikoan, shuffle moldean, biak ala biak Louisianako ukitu garbiekin,
jarraian, Mississippiko Sunnyland Slim pianistaren “Got to Get to My Baby”
bitartez, Boogie Woogiean murgiltzeko. Berriz ere itzultzen da Frantziako
auzora Professor Longhair handiaren “Tipitinas” gai klasikoaren
interpretazio zoragarria eskaintzeko. “Bumble Boogie” gaian Jack Fina
iparramerikar pianistari eta Nikolái Rimski-Kórsakov konpositore klasikoaren
pieza bat hartuta egindako moldaketari egiten die omen Paulek. Albert Collinsen
“Too many dirty dishes” gaiak slow Bluesaren lurraldera eramaten gaitu, eta
hortxe uzten ditu agerian Paulek abeslari gisa dauzkan dohain apartak. Taldea
shufflera itzultzen da Earl Hookerren “This Little Voice” gaian, eta horretan
aipagarria da Texasko Chris Ruest gitarrista handiaren ekarpena. “Hey Pocky
A-Way” klasikoak ematen dio amaiera diskoari.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com