Blues musikari baten heldutasuna
IKER PIRIS, BAKARRIK
Besterik ez, gizon bat eta bere gitarra blues
jotzen. Bakarrik. Gauzen oinarrietarainoko itzulia, blues musikariaren
arketipoa birsortuz.
Oinarriak aipu, lan hau bi esaldiz defini
genezakeela usteko du zenbaitek. Ez litzateke bidezkoa izango: oraingo honetan tolosarrak
Solo diskoan eskaintzen digun proposamena benetako blues musikari batek eskain
lezakeen molderik eta zintzotasun ariketarik onena dugu. Apainkeriarik eta
lilurakeriarik gabeko musika, hamar urte luze etenik gabeko higiduran dabilen
artista baten heldutasunaren ondorio.
Gitarrajole,
abeslari, konpositorea eta The Románticos taldeko liderra dugu Iker Piris.
Blues, R’n’B eta funkez jositako lanetara ohitu gaitu zoragarri burutu eta
ekoiztutako diskoetan, genero horietaz daukan ezagutza ez ezik gitarra jotzen
daukan trebezia erakutsiz. Egonezina, nekagaitza, hainbat eta hainbat
artistarekin kolaboratu izan du, musikaririk aktiboenetako bat bihurtu da bere
generoan.
Solo
diskoa Jorge Muñoz-Cobo legendarioaren Circo Perroti estudioetan grabatu zuen
bi saiotan, eta Ikerrek eta Jorgek berak ekoitzi zuten. Lan honetan, bandek
beti eman ohi duten babesa alboratuz, bakarka ekin dio klasikoen eta berak
sortutako piezen hautaketa den obrari. Gizon bat eta bere gitarra: sotiltasun
horretan ezinbestekoa zen landa edo baserri bluesen oihartzunak ekartzea, azpigenero
eta hizkera guztiak menderatzen dituen artista baten eskua eta sinadura. I’m
gonna move sinatzen du Robert Lockwood Jr.en eraginez, shuffle klabea eta
ahots-exekuzio ikusgarriarekin. Chicagoko Little Walter harmonikajole eta
abeslariaren One more chance with you klasikoaren birsorkuntzara dakar
ondotik, ragtime eran. Ike’s boogie instrumentalean gitarrajole gisa
duen kalitateaz haratagoak erakusten ditu. Ezinbesteko Tampa Red taldearen Dead
cats on the line piezan gerraurreko bluesera eramaten gaitu gitarraz eta
ahotsez bikain jokatuz. Blind Lemon Jefferson bluesman texastarraren Black
horse blues-i eman dion bizi berria, abesti horri egin zaizkion
egokitzapenetan interesgarrienetako bat. Iker Robert Johnsonen espirituari
leial jokatu du Dust my broom-en. Tommy Johnson handiaren Canned Heat
Blues abesti klasikoaren bere bertsioa oparituko digu Iker Pirisek, eta Take me back sinatu du, joan den
mendearen hasieran sortua dirudien lan ederra.
Solo
diskoa blues primitiboaren eraginpean egindako abesti bilduma bikaina baino
goragoko obra da, benetako bluesari leialtasunik zintzoena dion artistaren
emaitza heldua. Gizon bat eta bere gitarra, sotiltasun hori minduraren
ñabardurak adierazteko.
BIO
Iker
Piris Tolosan jaio zen 1979an. Bere kasa hasi zen gitarra jotzen. Bluesa
ezagutu zuen lehen riffak eta generoko hiru disko erakutsi zizkion lagun baten
bitartez: Guitar Watsonen Witchcraft, B.B. Kingen Live at the Regal eta Robert
Crayren False accusation. Geroztik gitarrari atxikia bizi da, eta 1997tik
jokalekuetan agertzen. 2009ko ekainean amaitu zituen ikasketak Musikenen. Handik 2018ra bitartean, The Romanticos taldearen
buru izan da, eta hiru disko argitaratzen ditu Gaztelupeko Hotsak zigilupean:
My time, 2012; Do it yourself, 2014, estudioan zuzenean grabatua; Good
Vibrations, 2017, abesti originalez osatua. Blues akustiko primitiboaren zaletu
amorratua, 2020an Solo, bakarkako disko hau, argitaratu digu. Tarteka indarra
eta talentua batzen ditu Abdell B. Bop kontrabaxuarekin eta Andy Martin bateriarekin
osatzen duen atal erritmiko frantsesean, Iker Piris & his Dual Electras
proiektu barruan.
Albisteak