Itzulbidaia

21 urria, 2022

Itzulbidaia, gure
kanpoaldian paisaiak egin duen eraldaketa agerian uzten duena. Zena zendu egin
da. Oraina eta iragana uztartzen dituen joan-jina han eta hemen. Oihalak
noranahi hedatzen dituen artistaren mugimendu etenbakoa, haize egokira eta
zerumuga berrietara arribatzeko korrontearen bila. Sormenaren ahalak ikertzera
joan zen  ezezaguna kartografiatuz, eta
bere gain hartu du aldaketara alderatzeko erronka.

 

Miranda de Ebron jaioa da Gonzalo del Val. Zazpi urte zituela hasi zen musika ikasten bere
sorterriko Udal Kontserbatorioan. Gero bateria, konposizio eta moldaketak ikasi
zituen Madrilen. Bartzelonako Lizeoaren Goi Mailako Musika Kontserbatorioan
beka jasorik, jazz-bateria goreneko 
titulua eskuratuta bere lehen lana argitaratu zuen –Sei musika ipuin–
karrera amaierakoan. New Yorkeko Manhattan School of Music eskolan ikasteko
Bikaintasunaren Gazteak beka jaso zuen 2009an.

Ibilbide luze honek berrogei eta gehiago disko grabatzeraino
ekarri du, nazioarteko artista ospetsuekin kolaboratzen duela hainbat
proiektutan. Bestalde, irakaskuntza eta lider gisa egin dituen sei diskoen
edizioa uztartu  ditu. Lan gaitz horren
ondorioz, bere Cancionero-k 2020ko
diskorik onenaren ereinotza jaso zuen, eta gaur egun Jazzaren panoraman gehien
baloratzen diren musikarietako bat dugu Gonzalo del Val.

 

Dublinera jo zuen 2016an, eta hiru urtez areagotu zuen bere
trebetasuna, musikari sendoenetakoen lankidetzan. Esperientzia horren emaitza
dugu Tornaviaje. Obra honetan, bere konpositore
alderdia berresteaz gain, Del Val urrundu egin da ohiko hirukote formatutik:
konposizio bakoitza laukote formatura ezin hobeto egokitu eta diseinatu du,
taldekide bakoitzaren hizkera eta ekarpen estilistikoa zainduz. Laukotea,
egiazki, zoragarria da. Romain Pilon
Frantziako oholtzetan dabiltzan gitarrajole nabarmenetakoa dugu, Brian Blade
eta Greg Hutchinsonen kolaboratzailea da besteak beste. Raynald Colom tronpetajole ezagun eta saritua Nicholas Payton, Greg
Osby eta Chano Dominguez izenen ondoan ibili ohi da.  Manel
Fortiá
kontrabaxoaren birtuosoa da, belaunaldi gaztearen erreferentzia bat.

 

Formazio hau arin eta dotore dabil  Gonzalo del Valek idatzitako konposizio
guztietan, “Es Bot”-en dardaratsu, “Agrio de limón”-en gomutatzaile, “Galeon”-en
eta “Los tres mulatos de esmeraldas”-en garden agertzen dira taldekideek jaso
dituzten eragin desberdinak. Oreka bikainean doa lana Del Valen
zuzendaritzapean, jazz garaikidearen eta
70 hamarraldikoaren
zenbait ukituz, kolorez
jantzia
“Azur” eta “Simple” piezatan, “Big Nick”-en laukoaren birtuosismoaz
harro, eta “Gota d’Agua” delikatuan Brasilen miresle, ahotsa eransten zaion
konposizio bakarra berau, Carme Canela
abeslari kataluniarraren partaidetza bikainarekin.

 

 Itzulbidaia beste zerumuga batzuetan bizi
ondoko itzuleraz mintzo zaigu. Haize egokiaren eta aldeko korrontearen bila
oihalak hedatu zituen artista dugu Gonzalo
del Val
. Sormenaren ahalak ikertzera joan zen, ezezaguna genuena
kartografiatuz, eta itzulitakoan aldaketara alderatzeko erronka hartu zuen bere
gain.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com