“Zaharregia txikiegia agian”, urteko poesia diskorik onenetakoa

1 otsaila, 2005


Joan den udazkenean Zaharregia, txikiegia agian ikuskizunarekin Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Valverdek AEBetan eginiko birak eman du fruiturik: ikuskizunaren izen berarekin kaleraturiko poesia diskoa iazko poesia diskorik onenetako bat dela diote hango bi idazlek, poetry.about.com webgunean.

Bertan, iaz argitara eman ziren 10 poesia disko hautatu dituzte Bob Holman eta Margery Snyder poetek. Seigarren postuan Zaharregia, txikiegia agian paratu dute.

Aurreko postuetan, Allen Ginsbergen Wichita vortex sutra edota Leonard Cohenen Dear heather lanak jarri dituzte. Seigarrenaren ondoko postuetan, berriz, Youssou N’Dourren Egypt, Eric Andersenen The street was always there edota Ed Sandersen Thirsting lanak jarri dituzte 2004. urteko poesia disko onenen artean.

Bob Holman poeta New Yorkeko Bowery Poetry Clubeko kidea da. Besteak beste, mintegiak eman izan ditu bertan. Bere poemak aurrez aipatutako webgunean irakur daitezke. Margery Snyder, berriz, San Frantziskon bizi da eta hango poetekin elkarlanean poesiaren inguruko hainbat ekimenetan hartzen du parte. Besteak beste, Loving argument, The Gods eta Their feathers liburuak argitaratu ditu.


Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com