Esan ohi da musikariek berezko kodea darabiltela, apenas elkar ezagutu gabe, hizkuntza berbera menperatu gabe ere, haien artean komunikatzea ahalbidetzen diena musikaren bidez. Deitu kodea, deitu feeling, deitu sena… baina hortik zer edo zer badagoela sinetsi beharko dugu, bestela nola da posible esku artean duzuna bezalako diskoak sortzea hain modu naturalean eta hain denbora laburrean? Bai, hau ez da denbora luzez hausnartu, prestatu eta entseatutako disko bat, di-da batean egindakoa baizik, eta nabari da, onerako nabari ere, bat-batekotasun, indar eta berehalako emozioez gainezka baitago.
Egia esate aldera, halakoak egitera ohituta daude Petti zein Barrence Whitfield; biek ala biek ondo baino hobeto dakite zer den beste musikariekin lan egitea. Kantari nafarrak aurretik eginak ditu horrelako diskoak Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin. Eta Whitfieldek, zer esanik ez. Rock&roll, blues, funk eta soul musikaren legenda bat da Whitfield, urte luzez The Savages taldearekin ibilitakoa, Richard Thompson, Solomon Burke, Los Lobos, Taj Mahal eta beste askorekin agertokian egondakoa, eta azken aldian, The Hi-Risers taldearekin, Bo Diddley adiskide zena omentzen aritu dena. Oso ezberdinak izanagatik, biak abeslari bikainak, indartsuak eta senekoak dira, eta disko batean biltzeko ideia oso erakargarria zen.