Hermosa Beach

10 

Gitarra jotzeaz gain, esperientzia handiko musikari talde distiratsua bildu du Fletcherrek. Horien artean, besteak beste, hauek nabarmentzen dira: Tom Fillman bateria jotzailea, Spencer Davis Groupen AEBetako formazioan ibilitakoa, eta Kris Kristoffersson, Mick Taylor edota Booker T. Jonesekin lan egindakoa; Bobby Tsukamoto baxu jotzailea (Jesse Ed Davisen taldeko kide izan zen, eta gaur egun Kirk Fletcherren bandan jotzen du); Duane Benjamin ospe handiko tronboi jotzailea, jazz (Count Basie Orchestra, Stanley Clark, The Gerald Wilson Orchestra), soul (Marvin Gaye, The Temptations, The Four Tops, Diana Ross, Earth, Wind & Fire) eta pop (Michael Jackson) musikaren izar handiekin grabatu baititu diskoak; eta Rich Wenzel teklatu jotzailea (azken 30 urtean AEBak zeharkatu ditu eta The Doors, Van Morrison eta Frank Zapparekin partekatu du agertokia). Horrez gain, Ardent Audio Productions estudioko jabea da Wenzel, eta bertan grabatu dute diskoa bere ardura teknikopean.

Hermosa Beach-ek musika beltz amerikarraren kode genetikoa du, ekoizpena distiratsua da, musikarien ekarpena apartekoa, haize tresnen atal indartsua barne, eta kantuen konposaketa maila oso altua –gehienak Jogeixek sortutakoak dira, batzuk Jeff Espinozarekin (Red House) batera, Jesus gonna be here (Tom Waits), Didn’t it Rain (Mahalia Jacksonek ezagun egindako kantu tradizionala), Give Me Back My Wig (Houng Dog Taylor) eta Ain’t No Stoppin’ (Frederick Neal) izan ezik–. Azken honek irekitzen du diskoa, hasieratik gauzak argi geratzen daitezen. “Ez nauzue geldituko” abesten du Jogeixek kantu sutsu horretan, eta horrela da. Hortik aurrera Jogeixen eta bere musikarien soinu oldeak entzulea aurretik eramaten du eta hainbat estilotara gerturatzen: funk-etik (Boom da Boom eta Getting Dizzy, azken hori Maceo Parkerren ildoan) boogie instrumentalera (Down at Marinette’s), slide-rekin jotako gospel akustikotik (Didn’t It Rain) zapore klasikodun baladetara (Sometimes, zeinean Jogeixen ahots eta kantaera bikainak are beroagoak gertatzen diren), eta Give Me Back My Wig ukitu sureñokotik Shake, Shake dantzagarri eta indartsura.

 

Entzun: Shake, Shake

Disko mota: CD
Argitaratze data: 2011/12/13
Artista bereko diskak
Saskira gehitu
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com