Quartet+

10 

Gaien azalpena

 

MOVIMIENTO (E. Losio)

Nola diskoko hala zuzeneko errepertorioari sarrera egiteko xedean berariaz osatutako lana.  Haren bidez ozentasun harmoniatsu-melodiatsu bat eta bera bila dute, osagai nagusia taldearen erritmoa delarik. Egileak goizeko 02:00ak eta 04:00ak bitartean konposatu zuen oso-osorik, eta gero bai, loak hartu zuen…

 

 

TIEMPO NUEVO (E. Losio)

Konpas hirutarrean osatutako gaia, non harmonia modalak eta funtzionalak bat egiten duten herriminera hurbiltzen den giro apur bat folklorikoan. Bestelako dinamikak ezagutzeko aukera ematen du gaiak, sarrera librea du, une liriko eta oso harmoniatsuetatik igarotzen da –entzuteko modukoak dira gitarraren eta pianoaren (Borja Arias) bakarkako pasarteak–, eta bakarka ere, bateria sendoak baina aldi berean neurtuak eta musikaltasun handikoak (Mikel Urretagoiena) ematen dio amaiera. Ikastaldi garrantzitsu bat amaituta osatu zuen gai hau, aldi berri bat, ‘garai berri bat’, zabaldu zenean, eta askatzailea bezain itxaropentsua gertatu zen hori.

 

 

CHACARERA PARA KIRIKÚ (B. Arias)

Ukitu harmoniatsu ‘shorteriarreko’ gaia. Emmanuelek sustrai argentinarreko erritmoa proposatu zuen, 6x8ko chacarera, zubian 4x4ko swing bihurtzeko. Erritmo sendoko gaia da, eta apartak dira bakarkako hiru pasarteak: gitarra, pianoa eta erritmo eta melodia bikaineko kontrabaxua (Darío Guibert). Kirikúri eskainia da lana: Afrikako elezahar bateko pertsonaia txiki eta ausarta da Kirikú, bere indar soilaz leinua mehatxatzen duen gaizkiari gailentzen baitzaio.

 

 

CAMMINATA (E. Losio)

Sinkopa ukituekin eta pasarte minimalista bezain hedakorrekin osatutako balada melodiatsua. Bada kontraste bat nola harmonian (dentsitatea eta pedal harmoniatsuak) hala erritmoan (gaian zehar biderkatu egiten du hasierako denbora). Eta hori guztia nola entzule amateurra hala entzule aditua besarkatzen dituen haria galdu gabe, melodia galdu gabe, alegia.

 

 

SKALA KALLONI (E. Losio)

Kutsu latinoko gaia, Brasilgo samba eta mamboa nahasten dituena. Greziako Lesvos irla ederrean dagoen Skala Kalloni hirira bidaia eraberritzaile baten itzuleran osatua. Moldaketa lanek ukitu elektriko eta dotorea (Daniel Batán), ahots ozen eta sendoa (Oskar Lakunza) eta beste ahots dotore eta indartsua (Juanga Lakunza) eskatu zizkioten egileari. 

 

 

NAHIKOA DA! (C. Sevilla)

Maitasun abestia ez den gai honek gure mundua du hizpide, bertan dagoen nahasmendua eta baretasuna. Gitarra jotzailearen proposamen baten gisara sortu zen, Carlaren ikasketa amaierako emanaldia prestatzeko kontzertu sorta batera gonbidatua izan baitzen. Diskoa osatzeko falta zen giza ahotsaren pintzelkada da, eta deigarria bezain atsegina dela esan behar dugu, Nahikoa da! gaian bezala aditzen denean.

 

 

PROCEDIMIENTO (E. Losio)  

Doinu bihurria, blues txikiaren gainean eraikia lauko tarte melodikoetatik abiaturik. Aurrera egin arren, sarri askotan bizimodua aldrebesten diguten tramite eta kontu burokratiko horietatik guztietatik edaten du gai honek. Berriro ere Batán eta Lakunza anaiak ageri dira laguntzaile.

 

HAVE YOU MET MISS JONES? (R. Rodgers – Arr. E. Losio)

Jazzaren esparruko gitarra jotzaile honen bakarkako aurreneko diskoa izaki, amerikar abestietako klasiko bat ekarri beharra zegoen, garai orotako standard bat. Honenbestez, konponketa zahar batetik abiaturik, gaia moldatu egin zuten berriro ere saxo sopranoz eta tronboiz interpretatzeko 5x4ko erritmo batez. Aldaketa harmoniatsuren batekin eta nahitaezko erritmo-doinu aldaketarekin, gogotik entzuten da klasikoaren bertsio hau…

 

 

SCHRECK (E. Losio)

Nork ez ditu ustekabekoak izaten eguneroko bizitzan?

Zorionez, horretan baizik ez dira geratzen gehien-gehienak, ustekabe hutsetan alegia; horra hor ‘Schreck’ izenaren esanahia. Gai honek ukitu ‘kaletarra’ eta ‘alaia’ eman nahi dio diskoaren itxierari. Horretarako hip-hopera hurbiltzen den erritmoa baliatzen du, baina hard-bop eta funkera egiten du gero, berriro ere taldearen sinergiari eta bakarkako pasarteari eutsiz hitzaldi melodiatsuen bidez.

 

 

Disko mota: CD
Argitaratze data: 2013/10/04
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com