Pangea

10 

 “Pangea Paleozoiko amaieraren eta Mesozoiko hasieraren artean egon zen superkontinentearen izena da. Pangea Permiar garaian sortu zen eta Jurasikoan hasi zen bere apurketa. Apurketa hau Tetis itsasotik hasi zen eta Laurasia eta Gondwana izeneko bi kontinenteak sortu ziren.” (Wikipedia)  

Neurri batetan, denok gatoz leku eta sustrai beretik, eta handik gero sakabanatu egiten gara beste pertsona, soinu, lurralde eta esperientzia ezberdinekin kontaktua eduki ahal izateko. Harreman horrek geure bizitzak moldaraziko ditu, inoiz amaitzen ez den prozesu batetan. Hasera batetan arrotz suertatzen zaizkigun hizkuntza, jantzi, kultura berriak aurkitzen ditugu bidean, baina intimotasunean hausnartzen ditugunean geure bizipen eta oroimenekin elkar nahasten zaizkigu, bata bestetik banatzea ezinezkoa izan arte. Geure esentzia horretatik aldentzen garen neurrian berriz haserako puntura gerturatuko bagina bezala. Azken finean, bidaia bera benetakoa balioa duena. Adrian Royok bere estreinako diskoan planteatzen duen bidaia, alegia. Bere jaioterri den Miranda de Ebrotik hasi eta 8 konposaketa delikatuetan milaka bidexka jorratzen ditu (“Obaranes” piezako ganbera musikako lirismo zoragarritik hasita, “Bangkok” edo “Linea 1” konposaketetan lantzen duen erritmika hipnotiko eta ia post-rock modukora edo “Halcon”-ek iradokitzen duen sentsualitate latinora), bukaeran jatorrira bueltatu eta bere jaioterria omenduz bertako himnoaren bertsio eder baten bitartez.

Egun, Adrian Royo Bartzelonako Liceu Goi Kontserbatorioko “Piano Jazz Performance” lizentziatua da eta hainbat Jazz seminarioetan partaide izan da, bereziki aipagarria izanik New York-eko Julliard School-eko Benny Green-ek emandakoa. Adrian Royo Trio izenpean Marcelo Escrich (kontrabaxu) eta Gorka Gaztambide (batería) musikariekin ekin zion bere ibilbideari eta 2019 jazz garaikideko kutsu handiagoko formakuntza berri bat eratu zuen Francesc Arau McSweeney (baxu elektriko) eta Oriol Pujol-Ras-en (batería) laguntzaz, kasu honetan RPM Trio bezala ezagutzera emanez. Pablo Donaire baxu jole granadarraren Flamenco Jazz proiektuan parte hartzen du. 2021ean Fran Serrano Quintet taldearen “0202” edota Luisvi Jimenez-en “Caminos Cruzados” grabatu eta ekoiztu zituen. Horretaz gain “Pedro Vega Afro Jazz Latino” (Latin Jazz eta Kubatar musika), “Adrian Royo & Marcelo Escrich duo” (Jazz) eta “Adrian Royo & Lara Vizuete Dúo” (Experimental, autore kantua, Jazz, Soul) taldeen partaide da ere. Estreinako disko bikain honetan, kontrabaxuan Manel Fortià eta baterian Gonzalo del Val musikari apartak ditu
kide. Gonzalo Mirandan jaioa da ere eta 2009an “Jovenes Excelentes” bekaren laguntzaz New York-eko Manhattan School Of Music ospetsuan ikasi izan zuen,
John Riley  eta Adam Naussbaum irakasleekin eta gainera, 2011an All About Jazz aldizkari famatuaren ale bateko azaleko protagonista izatera iritsi zen ere. Gaur egun, Bartzelonako Liceu Goi Kontserbatorioko Jazz eta Musika garaikideko zuzendaria da eta musikari bezala estatuko jazzaren munduan  Jon Robles, Dani Pérez, Víctor de Diego, David Mengual, Jordi Bonell, Albert Bover, Jordi Gaspar, Marc Miralta, Raynald Colom, Elisabet Raspall, Ramón Escalé moduko artistekin lan egin izan du veste askoren artean.  Manel Fortià kataluniarra ez da gutxiago eta Dave Liebman, Chris Cheek, Eliot Zigmund, Bill McHenry, Ari Hoenig, Arturo O’Farrill, Chano Dominguez, Stephane Belmondo, Scott Hamilton, Dena Derose, Perico Sambeat… moduko artista handiekin lan egin du mundu osoko jazz klub eta jaialdietan.

Gironako Local Estudi de Gravació-n Marc Piña-ren zuzendaritzapean eta Beasaingo Pottoko Studioan Fredi Pelaez-ek nahastuta, “Pangeajazz garaikideko ele liluragarri bat da, pop edo latindar musika bezalako beste estiloetako oihartzun leunez betea, inoiz ez debaldekoak edo behartuak eta ohikoa ez den dotorezia finenez elkar nahastuak beti. “Pangea” amankomuneko lurraldea da, aberastasunez betea, disko ederrak emango dizkigun hedapen oparoa aurreikusi eta desiratzen dugu etorkizunerako.

Disko mota: CD
Argitaratze data: 2023/01/20
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com