- ekitaldia hau amaitu da.
RORY GALLAGHER Jon Gurrutxaga-ren eskutik
22 azaroa, 2023|7:00 pm-10:00 pm
BLUES HOTSAK programa
Liburuaren aurkezpena
Erronka. Horixe izan da niretzat liburu hau idaztea. Batetik, gaurdaino sekula ez dudalako libururik idatzi. Eta bestetik, lan honetan murgiltzekotan liburuari ahal nuen sinesgarritasun handiena eman nahi niolako. Argitaletxeko arduradunak, Xarrak egitasmoa proposatu zidanean, rock talde historikoren baten inguruan idatzi nezakeela komentatu zidan. Hainbat izen irten ziren solasaldi horretan. Baina, bakarrak asebetetzen ninduen. Orokorrean behar bezala baloratua izan ez den musikaria dugu Rory Gallagher. Hala ere, gutxi dira hemengo zaleak berak beste hunkitu dituztenak.
Euskal Herrian 1986an eskaini zituen Roryk azken kontzertuak, Lekeition eta Hendaian. Baina ni ume-mokoa nintzen oraindik, zortzi urte besterik ez nituen. Institutu garaian erreparatu nion Rory-ren musikari estrainekoz. Anaiak etxetik alde egiten zuenean, armairuan gordetzen zituen binilo mordoxkaren artean eskua sartu eta Cork-ekoaren lehen bakarlana hartzen nuen. Osabak oparitutako musika aparailuan kontu handiz jarri eta orratza martxan hasten zen. Hirugarrena, zazpigarrena eta hamaikagarrena! Huraxe izaten zen ordena. Edozein momentutan ate hotsa entzun nezakeen. Horrexegatik, gehien hunkitzen ninduten kantuak entzun behar nituen, anaiaren biniloak sakratuak baitziren. Rory-ren abestiek oilo-ipurdia jartzen zidaten. Baina are gehiago harritu nintzen bere emanaldi bat bideoan ikusi nuenean. Irlandarraren kemena eta kantuen zintzotasuna izugarriak ziren. Emozioaren emozioz malkoa ateratzen dizuten horietakoa. Garai hartatik Rory zale amorratua naiz. Horren erakusle da, adibidez, Arima Beltzaren estraineko lanean argitaratu genuen “Rory” kantu instrumentala, Cork-ekoari eginiko omenaldi xumea.
Hainbat hilabetez dokumentazioa biltzen eman ostean, liburuko protagonistekin harremanetan jartzea zen hurrengo pausoa. Orduantxe hasi zen benetako abentura. Rory-ren anaia eta managerra izandako Donal Gallagher-ekin kontaktuan jarri eta maletak prestatu nituen London aldera joateko. Donal-ek esan zidan hotelen bat aurkituko zuela bere etxetik gertu, baina uztail amaiera zen eta ez zuen tokirik topatu. Nire harridurarako etxera gonbidatu ninduen. Bere apartamentuari itsatsita amarentzat erosi zuten etxea zegoen. Irlandatik Londonera joan zen bizitzera Monica, baina ez zen ohitu hirira eta Cork-era itzultzea erabaki zuen. Hilabete gutxi eman zituen bertan. Rory eta Donal-en ama duela urte bete inguru zendu zen.
Ingalaterrara bidaiatzen nuen lehen aldia zen. Miarritz-en hegazkina hartu eta hiru ordura Picadilly Circus-en nengoen. Nekez bada nekez etxea topatu nuenean Donal-en emazteak egin zidan ongietorria. Hegaldia berandutu egin zitzaion eta gauerdian helduko zen Donal. Sekulako beroa egiten zuen. Dutxa bat hartu eta Rory-ren Montreux-ko DVD-a ikusi nuen anaia heldu zen arte. Ez da aspaldi argitaratu dela Suitzako Jazz Jaialdian eskainitako emanaldien lana, eta zeharo kontzentraturik nengoen atean jo zutenean. Atseginez agurtu, aurkezpenak egin eta hurrengo egunerako gelditu ginen. Goizean argazki batzuk aukeratu eta arratsaldean elkarrizketaren lehen zatia egin genuen. Dena den, bigarrena izan zen, ezbairik gabe, zatirik interesgarriena, baita bitxiena ere agian. Hiria oraindik ikusi ez nuela-eta, afalostean kotxea hartu eta hiria erakustea otu zitzaion Donal-i. Autotik Londongo dorrea eta Buckingham Palace erakusten zizkidan bitartean grabagailuko Rec botoia sakatu nuen. Hantxe nintzen ni, minidiska eskuan, errepidean eskumatik bidaiatzen, kopiloto gisa ezkerraldean eserita eta Donal hogei urteko Mercedes-aren motor bikaina entzuteko esaten.
Hurrengo eguna ere zirraragarria izan zen oso. Goizean London erdialdean Mark Feltham harmonikajolearekin elkartu nintzen. Victorian egin genuen hitzordua. Eta ni, beti moduan, berandu! Hogei minutuko atzerapenarekin heldu nintzen. Baina Mark-ek irrifartsu hartu ninduen. Musikari londondarraren apaltasunak zur eta lur utzi ninduen. Atsegina momentu oro, lasaitasunez eta hunkiturik erantzun zien nire galderei. Asko maite zuen Rory.
Egun luzea nuen aurretik. Feltham-i liburua bidaliko niola esan eta pare bat argazki atera ondoren Donal-en etxerako bidea hartu nuen. Arratsaldean aurrikusirik ez nuen plan batekin egin nuen topo. Ronnie izeneko lagun batekin eta Tom O’Driscoll-ekin kontzertu bat ikustera gonbidatu ninduen Donal-ek. Joe O’Donnell folk biolinjolea zen emanaldiko protagonista. Roryk 1977an O’Donnell-en Gaodhol’s Vision diskoan hartu zuen parte. Capo zigiluak 2004an birrargitaratu egin zuen lana eta orain Donal biolinjolearen zuzeneko DVD bat ekoizten ari zen. Laurak inguruan Ronnie-ren kotxean sartu eta atzeko eserlekuetan Tom O’Driscoll bidailagun nuela Coventry aldera jo genuen. Rory-ren roadie-a[1] eta lagun mina izan zen Tom, Fender mitikoa esku artean izateko aukera zuen guxtienetakoa. Bi ordu inguru iraun zituen bidaian kontu askori buruz berba egiteko parada izan genuen, baina batez ere musika orokorrean eta Rory-rekin izandako bizipenak izan ziren mintzagai nagusiak. Tipo jatorra benetan. Ertaroko gaztelu eta guzti, folk jaialdi bat ospatzeko toki aproposa zen Coventry. Kontzertua interesgarria izan zen.
London-en hiru egun eman ondoren gitarrajole irlandarraren inguruan egiten ari diren DVD-an laguntzeko aukera suertatu zitzaidan. The Rolling Stones taldeko Bill Wyman baxujoleak Donostiako Jazz Jaialdian emanaldia zuen. Eta Donal-ek Donostia Rory-ren inguruan Wyman elkarrizketatzeko toki aproposa zela pentsatu zuen. Kameralaririk ezagutzen ote nuen galdetu zidanean norbait lortzen saiatuko nintzela esan nion, telebistan lan egindako urteetan hainbat profesional ezagutzeko parada izan bainuen. Dokumentalaren zuzendari lanetan Ian Thuillier zebilen, 97an hil zen Harry Thuillier argazkilari dublindar ezagunaren anaia. Berarekin guztia koordinatu eta gero, emanaldiaren egunean egin genuen hitzordua, Donostiako Amara Plaza hotelean. Kameralariak, Ian eta laurok 19:30ean gelditu ginen Wyman-ekin. Donal-ek ezin izan zuen etorri. Soraluzeko jaiak ziren eta kontzertua nuen gauean. Denbora justua neukan elkarrizketa nola egiten zen ikusi eta soinu frogetara heltzeko. Hoteleko zuzendariak azken pisuko suite-a gorde zigun. Donostiako paisaia ederra eta argi aproposa genituen Wyman elkarrizketatzeko. Baina bapatean baxujolearen managerra etorri eta elkarrizketa 22:00ra atzeratzen zela esan zigun. Kaka zaharra! Agur kameralariek prestatutako set-ari! Ordu horretan iluntasuna zela-eta ezinezkoa zen kanpoaldean plano on bat grabatzea. Horrez gain, ez nuen elkarrizketa ikusi eta Soraluzera garaiz heltzeko astirik. Wyman-en hitzak minidiskean jasotzea ilusioa egiten bazidan ere, nire lana amaitu zen bertan. Azkenean beheko egongelan egin zuten elkarrizketa, planoa ez zen hain polita, baina Ian gustura geratu zen.Horrelaxe amaitu zen nire abentura. Bildutako informazio guztia paperaratzea bakarrik falta zitzaidan.Rory-ri bihotzez egindako omenaldia duzue liburu hau.
(Jon Gurrutxaga)