AUTOMATIC CITY
Bluesa dira, psikodelia dira, sustraiak dira, futuristak dira, harrigarriak dira, zinezkoak dira… bakarrak dira. Automatic City frantsesak ere badira (Lyonekoak), baina Egiptoko piramide batetik, Louisianako zingira batetik, Aladinoko lanparatik edo, gu engainatzeko, baita espazio-ontzi batetik ere irten zitezkeen. Blues bertsioak jotzen hasi ziren soinu propio bezain liluragarria garatzeko, 50eko eta 60ko hamarkadetako blues klasikoa esperimentazioraino elektrifikatuz: blues zirraragarria, magikoa, lizuna, kutsatua, zikina, sexya, berritzailea bezain liberatzailea (eta liberatua).
Beraz, bizitzan bluesa ez dena ere badaukagunez (beraien arabera bluesik gabeko bizitzarik ez dagoen arren), frantsesok lerroak, mugak eta mugarriak gainditzen dituzte beren soinu jatorrari eransten dizkiotela ekialde exotikoa, psikodelikoa, zientzia-fikziozko filmen soinu-bandak, erritmo afrikarrak, taupada elektronikoak. Haiek entzutea, ikustea, zuzenean gozatzea, une batez, Mississippiko eliza baptista batean sartzea da; beste batzuetan, Saharatik paseatzea gamelu gainean, eta zenbaitetan, lur honetaz haratagoko triburen batek bahitzen zaituela sentitzea.
Ustekabez errimatzen dute eta retro-futuristaz jotzen dute, generoaren erroetara egindako bidaia eguneratu baten gisan: ahots hunkigarriak, erritmo organikoak, soinu gordinak, rhythm & bluesaren sustraia gitarra elektriko basatiekin bermarraztutako bluesak, askotariko perkusioak, erritmo-kutxa zaharrak, theremin edo sitar, botilak, latak… Dena arnasestuka eta heze, dardararazle eta iradokitzaile. Bluesa bera bezala, zinezko bluesa.
Larunbatean Ermuan (Bizkaia), Lobiano kultur gunean
Albisteak