Euskal eszenako “outsider” bat
Iturria: Kulturklik - Berria
Eguna: 29/08/2017
Igor Arzuaga musikariak ‘Nire begiak‘ disko berria kaleratu du. Gaur arteko ibilbide emankorrean garatu duen berezko estiloarekin ondu du lana, pianoa eta ahotsa ardatz.
Egunez liburu denda batean lan egin, eta gauerdiko orduak gordetzen ditu sormenerako Igor Arzuagak (Laudio, Araba, 1967). Bi maskara dituela iruditzen zaio hainbestez. «Bada goizeko hiruretan esnatzen nauen indar ikusezin bat; ordu horietan ez dago zaratarik, ematen du mundua geldi dagoela, eta bakarrik sentitzen naiz, baina oso bakardade gozoan. Baserri batean bizi naiz, gainera, eta ordu horietan pianoa jota ez dut inor gogaitzen. Neurria hartu diot horri: nire denbora nire sorkuntza beharretara egokitzeari». Gauerdian esnatzen duen indar horrek ekarri du Arzuagaren azken diskoa: Nire begiak, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratu duena.
«Doinu sakonak, harmonia oso bilatuak eta apaingarri gutxikoak» dira diskoa osatzen duten bederatzi kantuak, egilearen arabera. Pianoa eta ahotsa uztartze soilarekin ondu ditu. Arzuagak dio ez duela gustuko «intimista» terminoa, baina onartzen duela inork hala definitzea bere azken lana. «Kanpoan ikusten dudanari buruz hitz egiten dut; ez dut nire emozioen baldintza adierazterik nahi, horrek errealitatean eragiten duena baizik», zehaztu du. Azken diskoa duela lau urte kaleratu zuen —Llegará izenekoa, Nieves Arilla abeslariarekin—, eta, ordutik kantu asko bilduz joan den arren, ez ditu gustukoenak aukeratu disko honetarako, egin berrienak baizik. «Batzuetan, loreak eskuetan zimeltzen zaizkigu, eta estudiora gauza berri eta fresko batekin joan nahi izan dut».
Sormen lanak betebehar batzuk eskatzen dituela uste du Arzuagak, eta bizitzaren aurrean norberak duen jarreraren araberakoa dela artistari «ateratzen zaiona». Bere kasuan, «burua eta bihotza bizi-bizirik» sentitzen duenean ateratzen zaizkio lanik interesgarrienak. Argi dauka: «Errutinak harrapatzen zaituenean hobe da uztea».
13 urterekin hasi zen bere lehen kantu propioak sortzen, eta 18 urterekin Gernikako kaleetan trikitia jotzen zebilela fitxatu zuten Exkixu taldekoek. Bide hori agortuta, Mikel Urdangarinekin batera aritu zen. «Oro har, pianoa jotzen nuen, baina garai hartan Mikelekin jotzea nahiko anarkikoa zen; kontzertu batean baxu jotzailea falta bazen, baxua jotzen nuen, gitarra falta bazen, gitarra», gogoratu du. Hori utzita hasi zuen bakarkako bidea, eta 25 urterekin plazaratu zuen lehen diskoa, Argi izpi bat izenarekin. Ordutik, diskografia aberatsa osatu du: Smog (2004), El perro corredor (2007), Lagun eroa (2008), Unibertsoa gu (2008), Una cabra en la escalera (2009), Encima del caballo (2009), Mara Mara (2011) —Luis Vil musikariarekin—, Experience (2013) eta Llegará (2013). Bakarrik aritzearen alde onak azpimarratuta, sarri zaila ere egiten zaiola aitortu du laudioarrak; taldean aritzeak «kontrastatzeko tartea» utzi, eta horrek beti norberaren lana elikatzen duelako.