Kontzertuak kargatzen

« Kontzertuak guztiak

  • Kontzertua hau amaitu da.

Irati Bilbao

5 uztaila|8:30 pm-11:00 pm

“Badakizu… Noten artean, notak!” esaten zuen Sarah Vaughnek. Izan ere, une magiko bezain errepikaezina sortzen dute kantariek noten arteko espazioa probestuz. Segundo bakoitzeko planteatzen den zalantza da. Eta Gershwinek zioen bezala, bat-batean, noten arteko espazio murritz hori, denbora estu hori, espaziorik onena bihurtzen da jazz kantariaren sormenerako. Nolabait, jazza bezalakoa da bizitza: hobea da inprobisatu ezkero.
Kultur Kudeaketan eta Artearen Historian graduatua, uste izatekoa zen Irati Bilbaoren musika-karrera beste ibilbide batzuetan barrena garatzen ahal zela. Apur bat pentsatuta —Musikenen hartu zuen formakuntza sendoa menostu barik—, handik pasatu izan ez balitz ere zaila izango zela, uste dugu, Durangoko abeslari gazte honen talentua oharkabean galtzea musika onaren zaletuentzat.

Irati Bilbaok hainbat proiektutan gauzatu du musikarako sena: Irati Bilbao Quintet, Ekuru, Bilbao Lindy Band, Reunu, Swingtronix… Estudioko grabazioetan abeslari gisa jardun izan du, Ahots Argiak eta Gospel Six abesbatzetan ere bai. Bada zerbait.

Ibili horren guztiaren emaitza da bere aurreneko lan hau, Begin.
Disko bikaina inondik ere. Figura sonatuen eraginen artean, Irati Bilbaok abeslari handi baten jazz kontzeptu  delikatua, kosmopolita eta bere-berea eskaintzen digu. Babesgarri, pianoan Jorge Fernandez, No Land Trioko kide den Eva Alcaide gitarrista madrildarra, Carlos Montul baxua eta Aitor Bravo bateriajole arabarra. Talde bikain eta zaildua baita, indartu eta nabarmendu egiten du Irati Bilbaok moldatzaile eta konpositore gisa burututako lan ederra.

“Anxious” abestiak dotore eta kezkagarri urratzen du bidea, Sam Rivers saxofoijole iparramerikarraren “Beatrice” ikuspuntu berri batetik landuz. “The first time I heard Ella/My baby likes the bebop”en sarrera gozoak eta Ella Fitzgeralden tributu berezi moduan egindako moldaketek agerian uzten dituzte Irati Bilbaoren ahots teknika eta scatean duen trebetasuna. Eta baita taldearen maila handia ere. Brian Blade bateriajolearen “Stoner Hill” zoragarriak  dimentsio berri bat hartzen du taldearen interpretazioaz  eta melodiari txertatu zaion testuaz. Blossom Dearie abeslari eta pianojoleak ezagun egin zuen “I ‘m Hip” sonatua swingean barrena garatu du Irati Bilbaok scat beldurgarri baten azpian. Berak sinatu eta moldatutako “Hopefully my prince won ‘t come” ederrak zarratzen du lan oparo hau.
Horixe da Begin, Irati Bilbao bizi den espazioa, bere begian hartu ahal izan dituen une magiko eta errepikaezinen multzo bat, nota artean dagoen misterioa argitzeko gonbidapena, segundo bakoitzari planteatzen zaion zalantza hori: benetako jazz abeslariek bakarrik trenka lezaketena.  Oiartzungo Mecca Recording Studiosen grabatua da Begin.

Xuxurlaka, isilpean eta itxuraz lotsati hasten da disko hau, giro-musika atsegin moduan, arreta gehiegi deitu nahi ez balu bezala. Baina konturatzerako zeure zentzu guziak gatibu hartzen ditu. Azalean ahots-jazz klasiko eta pop ukituen arteko uztarketa atsegin bat baino ez iruditu arren, berehala eta ñabardura bitxiak han eta hemen azaltzen hasten diren neurrian egiten ari zaren edozein gauza alde batera utzi eta aurkikuntza joko liluragarri horretara ematera baino beste erremediorik ez duzu. Erabat azaldu ezinezkoa den magia berezi batez josita dagoela ohartzerako mirari txiki honen atzean nor dagoen galdetuko diozu zeure buruari, oso noizean behin ematen diren ekimen baten aurrean sentitzen bait zara ordurako.

Nor eta, Irati Bilbao durangar gaztea dugu hemen bere ahots zoragarriaren bitartez, protagonista nagusia. Musikene, Euskal Herriko goi mailako ikastegian jazz gradua ateratzen jardun den lau urteetan su baxuan pixkanaka eta mimo guztiz garatutako proiektu bat da bere hau, gaitasun tekniko izugarriaz gain oso sentsibilitate pertsonal batez eratutakoa eta konposaketen doinu eta hitzen arteko joko etengabez hornituta datorrena. Eta hori gutxi balitz musikari laukote bikain bati bere espresio artistikoa ekartzeko aukera eta tokia eskaintzen dio gainera. Iratiren antzera, aintzinako musika, jazz-a, pop eta garaikidearen areko eremu liminal batetan mugitu dira bere lau kideak beti, sormen askea eta mugagabea abestiaren ezaugarri eta beharrei beti doitzeko gaitasun fina erakutsiz beti.  Eva Alcaide gitarrajole madrildarra Creativa ikastegian Emmet Crowleyren ikasle izandakoa, Musikenen bukatu eta gaur egun Eskoziako kontserbatorio errealeko ikaslea dugu. Alicanten jaiotako Jorge Fernandez pianojole dotorea, Iñaki Salvadorren ikasle izan da eta No Land taldeko partaide da. Carlos Montul huescatar baxulariak eta Jo Krauseren ikasle den Aitor Bravo arabar bateri joleak osatzen dute talde gazte benetan aparta.

Baina bakoitzaren kurrikulum edo zehaztasun teknikoen gainetik, 2019ko udazkenean Oiartzungo Mecca Recording Studioetan grabatutako berezko konposizio hauen kohesioa eta iraunkortasuna da benetan deigarria. Itxurazko klasizismoaren azpian ezkutatzen den jakituria eta aberastasuna alegia. Gaitasun teknikoak ikasteaz gain haratago joateko kuriostasuna eta ausardia dutenen seinale. Begin da hasiera. Ez galdu arrastoa…

 

 

 

 

 

 

 

 

Xehetasunak

Data:
5 uztaila
Ordua:
8:30 pm-11:00 pm

Egoitza

Ordizia, plaza Nagusia (Goierriko jaialdia)
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com