Beñat Parra
Paul San Martin pianista donostiarrak proiektu berri batean murgildu da egunotan, estatuko bluesman handienetako batzuk batuko dituen diskoaren grabaketan, hain zuzen ere. Aste honetan hasi dira grabatzen, Fredi Pelaez musikari, konposatzaile eta ekoizlearen eskutik, Beasaingo Pottoko estudioan. Gaztelupeko Hotsak diskoetxe soraluzetarrak azaldu duenez, urtea amaitu baino lehen argitaratuko dute diskoa.
San Martin arduratu da diskoa osatuko duen errepertorioa hautatzeaz, eta, beraz gain, musikari hauek dira proiektuan parte hartzen direnak: Ñaco Goñi harmonika jotzaile madrildarra, Fernando Beiztegui gitarrista eta abeslari granadarra, Edu Manazas gitarrista eta abeslari madrildarra eta Martí Elias bateria katalana.
Diskoak, gainera, 1989tik 1999ra Amaran egon zen La Gatera tabernarekin harreman zuzena du; hala azaldu du Gaztelupeko Hotsakek, prentsa ohar baten bidez: “Bere garaian bazegoen Donostian, Amara auzoan, jende interesagarriak kudeatzen zuen La Gatera izeneko kluba. Bertan kontzertu ugari antolatzen ziren, gehienbat bluesaren inguruan. Duela urte batzuk itxi zen eta bertako arduradunek beste lan batzuetara jo zuten, nahiz eta bere blues zaletasuna biziki piztuta, kontzertuak beste leku batzuetan eginez eta garra bizirik mantenduz. Aurten, Jon La Gaterako kideari bere gustuko musikariak elkartzea bururatu zitzaion, grabazioa egiteko”.
Ibilbide luzeko musikariak
Espainiako Estatuko blues eszenako musikari garrantzitsuenen artean daude aipaturiko bostak, bai euren mailarengatik eta baita euren ibilbidearengatik ere. Paul San Martin, esaterako, nerabea zenean hasi zen pianoarekin bluesa jotzen, besteak beste, La Gateran, hain zuzen ere. Bakarka zein hainbat talderekin, Euskal Herriko zein nazioarteko txoko ugaritan jo du azken 30 urteotan eta estatuko blues pianista onenen artean dago, bereziki, boogie-woogie estiloan.
Ñaco Goñi da, Tonky de la Peña eta beste blues musikari gutxi batzuekin batera, Espainiako Estatuko bluesaren aitzindarietako bat. Nerabea zenean, 1980ko hamarkadaren hasieraren bueltan, Malcolm Scarparekin batera jotzen hasi zen Madrilgo Metroan, eta, pixkanaka, bere lekua egin zuen orduan indartzen hasia zen Madrilgo blues panoraman. Ordutik, hamaika txokotan jo du, tokiko zein nazioarteko hamaika musikarirekin eta disko ugari argitaratu ditu, taldean, bikote formatuan eta bestelakoetan. Estatuko edozein txokotako edozein blues musikari zein zalerentzat, erreferente bat da Goñi, eta La Gateran behin baino gehiagotan jotakoa da.Edu Manazas ere Amarako taberna mitikoan jotakoa da, eta estatuko blues musikari ezagunenetako bat da, bereziki, Madrilen. Egun, ez dabil oso modu aktiboan musikaren munduan, baina disko honetarako, gitarra berrartzea erabaki du. Edu Manazas & Whisky Train taldearekin egin ditu bere lan entzutetsuenak.
Fernando Beiztegui Andaluziako bluesaren aitzindarien artean dago eta maila handiko musikaria da. AEBetako hegoaldeko bluesaren sustraietara jo ohi du bere ahotsarekin zein gitarrarekin, eta Beiztegui Blues Band taldea egungo bere proiektu garrantzitsuena.
Azkenik, Martí Elias Donostiako agertokietako bateria jotzaile ezaguna da, musikari askok eta askok bere alboan nahi dutena. Katalunian musikalki hezia, Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko, Espainiako zein beste hainbat herrialdetako musikari ugarirekin jo eta lanak argitaratu ditu.