Swinga, ‘gipsya’ eta euskara disko berean
Iturria: Berria
Eguna: 29/01/2026
Erromintxelak taldeak ‘Nork erran eni’ lehen lan luzea kaleratu du. Zortzi abestiz osatuta dago, eta, besteak beste, Jon Miranderen eta Martin Bidaurreren hitzak topa daitezke, bai eta Irati Bilbaoren eta Leire Etxezarretaren ahotsa entzun ere.
«Gipsy kutsua duen euskaraz egindako swinga». Halaxe definitu du Jokin Vitoriak (Arrasate, Gipuzkoa, 1986) Erromintxelak taldearen musika estiloa. Bertako bateria jotzailea da, eta washboard izeneko instrumentua ere jotzen du, koruak egiteaz gain. Washboard-a, agian, zenbaiti ez zaie ezaguna egingo. Euskarara itzulita, garbitzeko taula esan nahi du. «Antzina erabiltzen zuten, arropa garbitzeko. Hemen ez da ohiko instrumentua, baina AEBetan gehiago ikusten da», argitu du taldekideak.
Nork erran eni lehen lan luzea argitaratu du Arrasateko seikoteak: zuzeneko baten moduan grabatutako diskoa. Vitoriaren ustez, hori da taldearen «bereizgarria»: «Diskoa modu horretan grabatzeak baditu bere zailtasunak. Esaterako, taldekide guztion koloreak eta ezberdintasunak batzea ez da lan erraza izan. Edonola ere, uste dugu musikari freskotasuna eta bat-batekotasuna ematen diola». Zailtasunak zailtasun, ez da lehen aldia abestiak zuzenean grabatzen dituztela; izan ere, 2023an argitaratu zuten lehen lana ere modu berean grabatu zuten.
Swinga da haien estiloa, eta aski ongi islatu dute hori diskoan; zortzi kantek osatu dute: Nork erran eni, Ituntasun, Oies errondan dabil, Erabaki, Gehienetan urrun, Zapping zalearena, Heriotzaren andere eta Esperoan. Hainbat artistarekin batera ondu dituzte abesti horiek guztiak. Kantuz kantu behatuta, Nork erran eni, esaterako, Jon Mirande idazlearen hitzekin sortu dute, eta Irati Bilbao jazz abeslariak jarri dio ahotsa. Ituntasun kanta sortzeko ere Miranderen hitzak erabili dituzte. Bestetik, Erabaki piezak Pako Aristiren hitzak ditu; eta Neomak taldeko Leire Etxezarretak jarri dio ahotsa Gehienetan urrun kantari. Esperoan abestia idazteko orduan, berriz, Martin Bidaurreren poema batean inspiratu dira.