Hasierrek egile gisa eskain ditzakeen disko
ugarietako bat da honakoa, baina lan honetan Hasier bera da, bere handitasunean
eta xumetasunean. Dena da zentzuduna lan honetan, agerian uzten du
konfiantzazko giroan musika nola ulertzen duen: laguntzaileen taldera biltzen
dira Hasier bera bultzatu zutenetako batzuk –Iñaki Salvador, Mikel Andueza– eta
azken aldian izan dituen kide batzuk, esate baterako, Jorge Abadías eta Julen
Izarra (Nevermind Trío), Fernando Neira (Ruper Ordorika) eta Jon Piris (Miguel
Salvador Project). Hainbat formatutan banatzen du bere lana, hirukoteetan,
laukoteetan, boskoteetan…
Inork ez dezala perkusioen eta erritmo
konplexuen aurreko trebetasunen katalogo bat espero: Hasier Oleaga bateria
jotzaile handia baino askoz ere gehiago da, gertutik ezagutzen dutenek ondo
asko dakite haren musika eta irribarrea egiazkoak eta kutsagarriak direla. Ororen
gainetik hunkitzeko eta hunkiarazteko musikaria da Hasier. Zintzotasun kontua.