Dabilen harriari, goroldiorik ez.
Axularren esaera zaharrari gorpuzkera ematen dioten blues musikari horietako
bat da Marcos Coll. Musikarekiko grina eta kezkak bultzaturik, leku batetik
bestera esperientzia berrien bila eta beste musikariengandik ikasteko irrikan
ibiltzen diren jotzaile horietakoa da. “Musikaren arau nagusi eta
garrantzitsuenetako bat da norbera baino hobeak diren musikariekin jotzea
beti”, dio Collek (Madril, 1976). Ideia horri jarraitu dio aho soinua jotzen hasi
eta bere lehen taldeak (Red Blues Band…) sortu zituenetik, bere gaztaroko
hirian, Santiagon (Galizia).
Azken aldian atsedenaldia hartu
du Los Reyes del KO-k, eta Marcos
Coll talde desberdinekin dihardu lanean. Horietako batean, Rico
McClarrin (George
Clinton, Jaco Pastorious, Sly Stone…) bateria jotzaile eta abeslariarekin
ari da, eta bestean Peter Crow C. delta blueseko gitarristaren The Weed Whackers taldearekin. Eta The Mighty Calacas talde mexikarraren partaide finkoa da
Europako aho-soinularirik
onenetakoen artean, Kontinente honetako herrialde askotan, AEBtan, Mexikon eta
Afrikako Kongo RDn izan da jotzen. Une honetan Hohner etxe
ezagunaren sustapenerako irudi garrantzitsuenetakoa da eta Alemanian izan zen azken aho-soinularien
munduko txapelketan, World Harmonica Festival deituan, epai-mahaikidea izan da.