3000 Hombres: Zuzeneko grabazio indartsua
Musika afroamerikarra da 3.000 Hombresen izateko arrazoia, horren barruan blues, funk, reggae, swing, soul, jazz edota rhythm&blues doinuak sartzen direlarik. Musika beltzaren kantu klasikoen bertsioak egiteko La Vacazul taldeko kideen proiektu paralelo gisa sortu zena haziz eta sendotasuna irabaziz joan da urterik urte eta diskorik disko.
Laugarren grabazio honetan aurreko hiru diskoetan jasotako errepertorioaren gaineko begirada eskaintzen du, haietako ale batzuk berreskuratuz –Ain t funky now (James Brown), Get up (Bob Marley), Fried neck bones (Willy Bobo), Love and happiness (Al Green), Mo better blues (Brandford Marsalis)…-, baina unean uneko inprobisazioek nabarmen itxuraldaturiko bertsio zirraragarrietan. Horrez gain, orain arte argitaratu gabeko hiru bertsio berri ekartzen ditu: Cantaloupe woman funk-jazz abestia (Grant Green), Hard times soul balada izpirituala (Ray Charles) eta Oh babe swing pieza (Milton Kabak-Louis Prima).