ACHE PA TI Bilakatzen

6 martxoa, 2024

Kultura, doinu , dantza eta instrumentu ezberdinen bila abiatu den esploratzaile talde baten modura aritzen zaigu Ache Pa Ti taldea. Sustrai euskaldunak inoiz ahaztu gabe eta mirespen osoz nonahiko soinuetan integratu arazteko gai direla erakutsiz. Talde bezala, orain dela 20 urte sortu zen Ache Pa Ti Iruinean, jatorri eta izaera ezberdineko 5 musikarien elkar leku eta esperimentazio gune moduan. Bi ziren musikari haiek biltzen zituzten grinak, bata jazz latino eta kubatar sustraiko musikaren zaletasuna, bestea Euskal Herriko Kultura eta folklore tradizionala.

Bereziki deigarria da txistuaren presentzia eta garrantzia, bera baita nagusi eta gidari doinu gehienetan, erraztasun eta naturaltasun txundigarriz moldatuz era guzietako doinu eta erritmo latinoetara. Behin eta berriz, instrumentu, soinu eta estiloen arteko mugak geure burutapenak baino ez direla erakusten digu Ache Pa Ti taldeak hemen.

Bilakatzen izeneko bigarren disko honetan oraindik eta urrunago, ausartago eta sakonago bidaiatu zaizkigu beste altxor txiki bat gugana ekartzeko. Hala nola, 2023ko martxoan Artikako kultur etxean zuzenean egindako grabaketa honetan, pop eta jazz aztarnak eta kontinente guzietako “world music” ukitu zirraragarriz betea datorkigu. Karibetar kutsuko zortzikoak, kalejirarako zapateatu mexikarrak, Pirinioetako aintzinako oihartzunak, san Ferminetako kantu eta dantza ekialde urruneko mantra moduko erritmikoen artean atentzioa ez dago une batez ere galtzerik. Eta noski, txistua da protagonista, inoiz baino sendo, solte eta alaiago, gainera.

“Ache” yoruba hizkuntzako hitza da eta “Ache pa ti” adierazpenak zorte on eta zoriontasun nahia adierazten du. Musika bizigarri honen oparia eskuetan gauza bera opa diogu talde bikain honi.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com