adrenalinaren esperientzia boteretsua
Iazko abuztuan, 2013ko birako unerik gozoenean zegoela, Dixie Townek oso kontzertu berezia eman zuen Cangas do Morrazoko (Galizia) Salason aretoan, kritikak goraipatutako O Furacán diskoa grabatu zuenetik urtebete igaro zela ospatzeko. Aretoa mukuru beteta zegoen eta Vigoko hirukoteak jarraitzaileen gertutasuna eta beroa sentitu zuen ia bi orduko emanaldian. Oscar Fontan, Lucas Ferrández eta Pepe Ferrández taldekideek Vigoko eszenako hainbat musikari gonbidatu zituzten taula gainera –Isaac Campos (Sugar Mountain), Ruben Suarez (High Sierras), Toño Lopez (Soul Jacket), David “Tato” Vazquez (Bakin Blues Band)–, eta faktore horien guztien batuketak ekarri zuen hard blues eta rock psikodelikoko taldearen kontzertua gogoangarria izatea, bere ibilbideko onena, beharbada. Zorionez, Burned Alive disko bikoitza daukagu horren lekuko.
2007an sortu zenetik lau disko grabatu ditu Dixie Townek estudioan: Hardnighters, Blues Believers (2007), Overdrive (2008), Fat & Superb (2010) eta O Furacán (2012). Azken bi diskoetako kantuek osatzen dute Burned Alive-ko errepertorioaren ardatza –bertan daude taldearen zaleentzat dagoeneko klasiko bilakatu diren zenbait kantu: Doublecrossed, A life, a lie, You can’t stop me now, Every father’s son…– baina badira ere bi bertsio: Rolling and Tumbling herrikoia eta The Hunter (Booker T. Jones). Taldeak kontzertuetan agertu ohi dituen energia, bat-batekotasuna eta gordintasuna –Ten Years After, Mountain, Atomic Roosters eta The Incredible Hog bezalako taldeen eragina islatzen dutenak– bere horretan atxikitzen ditu zuzeneko grabazioak, baina kolaboratzaileen ekarpenek ederturik (mandolina, teklatuak, ahotsak, gitarrak) ageri zaizkigu kantuak, distiratsu.
Horretan zerikusi handia izan du Joaquin Torres ekoizle beteranoaren esku-hartzeak (Stevie Wonder, Rosendo, Baron Rojo, The Fugees, Ilegales… taldeekin lan egindakoa da Torres). Diskoaren nahasketaz eta masterizazioaz arduratu da Torres, eta haren esperientziak eta esku trebeak hirukotearen taula gaineko lan ona biribildu egin dute.
Burned Alive digipack eta binilo (deskarga-kodea barne) formatuetan eskuratzeko aukera egongo da otsailaren 27tik aurrera, eta ondoren O Furacán-ekin hasitako birari jarraipena emango dio taldeak 2014. urtearen amaierara arte.
Albisteak