aiene eder kulunkariak

24 urria, 2016

 

 

Nahita ere ezinezkoa gertatzen da
Murugarrenen luma iradokitzaileari, hitzekin datozen istorio identifikagarri
horiei ez erreparatzea. Garai ilunberok ere erraztu egin diote idazketaren
bidea, baina hitzak aurkitu egiten ditu hark, bidean azaltzen zaizkio nonbait.
Apurrak galtzetan lehen kantuaren hasiera da hau: “Badakizu zein den
biderik malkarrena, non dagoen mina uzkurturik, non irauten duen sukarrak,
istripuaren osteko une nahasietan arima irteten da sute batetik ihesian bezala,
urik ez dago, bihotza ito da”. Eta honela dio Uda usaina izenekoak:  “…Zuk ez al duzu berdin sentitzen? Ez dugu
gure lekua inon topatu. … Esan nahi dut, ez diogula elkarri bakardadea eman
besterik, uzta oparoa izango zelakoan lokartu ginen atzeko aterpean”. Eta Atzoko
zerraldoa
kantuko pasartea da beste hau: “Leihotik begiratzen dizut, eta ez
zaude jada, gauak jan zaitu, eta goiz elbarri honetan txori bitxiek
zaramatzate, hegan”. Baina dena ez da hitza. Gehitu horri guztiari Murugarrenen
kantaera eta ahots kraskatua, berea eta soilik berea duen tempo bereziko
fraseoa, eta inoiz baino sendoago ageri den taldearen soinu trinkoa —guztiek
elkarrekin grabatzearen ondorio?—. Emaitza, gutxien-gutxienik, erakargarria da.

 

Erdi tempoko poparen, rockaren eremua
bere egin du egileak; baina badira ñabardura gehiago. Country-folk
anglosaxoiaren lurraldera arrimatzen da zenbaitetan; zein ederrak Gaizka
Isunzarekin (Audience) egindako duoak Dirua falta zaigu-n: “Ura igaro da
kaleko zirrikituetatik barrena, eta idortu zaigu lurra, promesa guztiak
zimeldu, eta agian joateko ordua da honez gero, orain arte konturatu ez banaiz
ere”, diote. Erritmo bizigoakoa —diskoko biziena— da diskoari izenburua ematen
dion Zerbait ari da gertatzen hor, zeinetan eszena zenbaiten
deskribaketa egiten den tonu jostari bezain kritikoan: “…”Elliot Smith ari da
klubean kantari, kea dago inguruan, beti kea. Eta jendearen usaina,
errealitatearen usaina, aita galduaren usaina, amaren eskuena, eta horretan
zaudela txantxetan dator zerbitzaria: ‘Gaur 
ez du bandak joko —dio— abeslaria zeharo mozkortu da eta komunean oka
ari zela puskatu du kopeta konketaren kontra. Odola dago oraindik, nahi baduzu
ikusi’”.

 

Power poparen eta post-rockaren
oihartzunak (Apurrak galtzetan), blues gaurkotua (Bagoaz hemendik),
hiriko klub batetik aterea dirudien pop-rocka (Egun handia eta Uda usaina; biak
Isunzarekin kantatuz, eta baxu eta haize instrumentuen ahaire sendoarekin
lehenengoan)… eta diskoari amaia ematen dion Poz biribila pop soilekoa,
erritmoaren bixia eta letraren malenkonia kontrastean jartzen dituena: “Bide
bakartiak nahi ditut, ihes egiten ikasteko, mendien arteko ataka sakonetan
arrats aldean, argiak kolorerik lausoenak ematen dituenean.”

 

Alferrik deitoratzea kantu biribil eta adierazkorrean esaten
du “Denborak jipoitzen zaitu uste baino gehiago, biluztu eta umildu zure
egiazkako tamainara egokitu”. Zintzotasuna dute Murugarrenen hitzek,
zenbaitetan min ere ematen duen zintzotasuna. Entzuteaz aparte, usaindu eta
sentitu egiten dituzu kantuak; denbora eta espazio jakin bati erantzuten diote,
baina ahaire atenporal bat hartzen dute. Kantuok Murugarrenen egiazko tamaina
ematen dutelakoan nago. Eta erratzeko beldur handirik gabe esan liteke bere
ibilbideko kantu ederrenetako batzuk sortu dituela oraintxe, bakarkako Nire
leihoak
(2000) lehen disko atera zuenetik 16 urte igaro direnean, eta berak
50 urteak pasatu dituenean. Zerbait ari da gertatzen etengabe hor bere
barrenean, eta berak badaki gertatzen den hori atzeman eta hortik kantuak
egiten, baita kantuentzat hain nekez eta trakets diruditen garaiotan ere.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com