Anfetamiña eta Bowie

10 azaroa, 2019

Entzun : Agur

 

Musika eta
literaturaren arteko harremanak bide luzea eta oparoa egin du euskal
kantagintzan. Maiz jo dute musikariek idazleengana kantuetarako hitzak sor
zitzaten eskatzeko, edota doinua jarri diete aurrez argitaratutako poemei. Badira
idazle edo liburu bati eskainitako disko monografikoak ere. Azken multzo
horietako bat duzu hau.

Alberto
Gonzalezek (6nemen9, Uler-600 eta Aterking taldeetan ibilitako musikariak) Xabier
Montoiaren Anfetamiña poema liburuari
musika jartzeko sortutako proiektua da Muga. 1983an argitaratu zuen Montoiak bere
lehenengo poema liburu hura,  Hertzainak
taldea utzi berri eta M-ak sortzen ari zen garaian. Hortaz, punk giroa Euskal
Herrira zabaltzen ari zen garaian idatzi zituen Gasteizko idazleak olerki hauek
—Sex Pistolsi eskainita dago liburua—. Ondorioz, musikatik asko dute, rock&rolletik
batez ere, eta drogei eta sexuari buruzko erreferentziak ere ugari dira liburu
osoan. Rockaren kultura euskal poesiara ekarri zuen estrainekoz Montoiak.

Material
aproposa zen beraz, rockaren hizkuntza eta estetikara egokitzeko. Hori pentsatu
zuen Alberto Gonzalezek (Elgoibar, 1973) duela bost inguru proiektua
gauzatzeari ekin zionean. Montoia erreferentetzat izan du betidanik: “Punk bat
da, Euskal Herrian punka beste era batean ulertu
duena, jarrera eta nortasun handikoa”. Zenbait
abesti konposatu ondoren, Bilboko rock alternatiboko eszenan ezagunak diren bi
musikariri erakutsi zizkien —Iñigo Romera baxu joleari (Cancer Moon, Los
Clavos, Cujo, El Inquilino Comunista, Basurita…) eta Iñigo Egillor bateria
joleari, (Gringo Arana, Billy Bao…)— eta Itziar Beristain abeslariarekin
batera erabaki zuten ohiko rock taldearen moldea gainditu eta proiektu multidiziplinar
bat osatea, zeinean musika eta hitzekin batera, alderdi bisualak garrantzi
handia izango zuen. Arlo hori lantzeko, Euskal Herriko rock eszenarekin
harreman estua duen J.A. Areta Goñi Juxe
argazkilariarengana jo zuten; hark sortu ditu zuzeneko emanaldietan
proiektatuko diren irudiak.

 

Mugaren
lehen diskoak iraupen laburreko zortzi abesti biltzen ditu, ildo ezberdinetakoak: badira rock alternatiboko aleak —“Ireki ezan”,
“Ohearen gainean”, “Kexa”—, eragin velvetiarrak dituztenak —“Agur”—, une pop
zaleak —“Gogoratzen al haiz?”— eta pasarte anbientalak —“Small song”—. Halaber,
Fermin Muguruzak ahotsa jarri dio liburuko poema ezagunenari, “Batzuentzat”, zeinean
berarentzat historia David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasi zela dioen
Montoiak.

Lehen disko
honetan, soinu ilunaren aldeko apustua egin du Mugak, Montoiak lehen pertsonan
idatzitako maitasun minezko poemei darien giroa egoki islatzen duena.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com