AREAN Rockaren ikuspegi zabala
Hiruren artean idatzi dituzte diskoko kantuen hitzak. «Doinuak ematen hasten gara, eta geroago sortzen diren melodien gainean idazten ditugu hitzak. Hasieran onomatopeiekin jokatzen dugu, hitzak musikatzea oso zaila egiten baitzagu». Anaia poeta izanagatik (Igor Estankona) haren edo beste poeta baten obrarik musikatzeko tentaziorik ez duela izan agertu du Borja Estankonak. «Idazle eta poeta asko sentitzen ditugu gertu, baina literatura eta musika bereizten ditugu. Geure abestietan, hitzei baino gehiago, musikari ematen diogu lehentasuna; hau da, hitzak musikaren zerbitzura daude, eta literatur obra batekin ezingo genuke hori egin».
Urteak daramatzate batera. Zazpi gutxi gora behera. INIEZIONE izeneko rock instrumentala lantzen zuen taldea izan zen hasiera. Kantu luzeak egiten zituzten, amaiera zaratatsuekin tentsioz betetako goi giroa askatuz.
Gaur egun kode popularrago bat darabilte beraien musika transmititzeko, nahiz eta oraindik ere sailkapena ez suertatu erreza. Baina hori bai,emozio desberdinez jositako hari landu bati jarraitzen diote. Eta guztiak dira kantu. Eta kantuok bidaia gozagarri eta interesgarri baten gonbiterako dira..
Diskoa zuzenean grabatu zuten Gasteizeko Sonora estudioan, zorioneko asteburu luze hoietako baten. Iñaki Alonso izan zen teknikaria. Grabazioan gitarra akustikoa erabiltzen du Borjak, garai bateko zuzenekoetan bezela.