Arrasatetik Mexikora
18 iraila, 2013
Jatorria 2008. urtean duen Arrasateko (Euskal Herria) boskote instrumentala. Beste talde batzuetatik etorritako lau musikari elkartu ziren hasieran, baina geroago saxo jotzaile bat batu zitzaion taldeari. Surf, rock&roll eta 60. hamarraldiko doinuen eraginpeko punk instrumentala da taldearen estiloa (hots, The ventures, Dick Dale, Link Wray), hori bai, egungo garaietara egokiturik, rock biziaren dosi handiarekin eta nola soinuen hala erritmoen alorretako esperimentazio saioekin.
Generoko hainbat bildumatan parte hartuta, une honetan hirugarren lan diskografikoa ari da prestatzen, 2013ko udazkenean kaleratuko duena alegia.
Los Galerna errealitate dira talde instrumentalen mundu bikain baina ez oparoegian. Bizitasunez beteriko –eta zenbaitetan arriskutsuak eta basatiak direla esan behar dugu– zuzenekoak dira adierazitakoaren erakusgarri.
Punk giroan rock&roll eta surf musika egitea da nortasuna eta halako harrokeria berekin batera dakartzan jenialtasunaren, musikaren munduan hain beharrezkoa dugun jenialtasunaren, adierazgarrietako bat. Mozorrotutako bost kidek osatutako talde honek agertokian islatzen ditu bere arte eta indar guztiak, eta are garrantzitsuagoa dena, agertokian gozatzen du eta gozarazten du. Estilo batera mugatu gabe, garaje, punk eta baita cha-cha-cha doinuari ere ateak erabat itxi gabe, jarrera sendoarekin eta lotsagabe, inguruko beste taldeetatik ongi bereizirik.
“Surf” estiloko doinu honen baitako molde guztiekin ausartzen dela, begirune-gabeko koktel bikaina da Los Galerna taldea spaghetti western bat osatzeko, non beren lekua izango baitute bidelapurrek, borrokalari mexikarrek, emakume pozoitsuek, tekilak eta edari biziek, eta baita Vespaz doan italiar arreta-gaberen batek ere.
Albisteak