Bi adarreko zuhaitza, The Tree

14 martxoa, 2012

 

Beñat Fuentes mungiarra duela hiru urte joan zen Txinara, hango hizkuntza ikastera. Hainbat estilotako taldeetan ibilitakoa zen Fuentes, Pog Mo Thon-en (rock), Akustika-n (sperimentala) edota Big Fingers and the Love Seeds-en (country-rock, pop), eta Txinarako ekipajean gitarra eta zortzi pistako grabagailua eraman zituen. Lehen hilabeteetan, sos batzuk ateratzeko, ezkontzetan, unibertsitatean… aritu zen emanaldiak eskaintzen eta horietako batean Xujunekin topo egin zuen. Bi adarreko zuhaitza sortu zuten, The Tree. Talde konbentzional gisa funtzionatzeko asmorik gabe, arte galerietan artista lagunen erakusketetan jotzen, soinu bandak sortzen eta bestelako kolaborazioak egiten hasi ziren, kontzertu budista bat ere sortu zuten… Baina azkenean, kantuak sortzen joan ahala, disko bat grabatzeko gai ona biltzen ari zirela konturatu ziren eta  erabakia hartu zuten. Herrrialde asiarretik bira luzea egin ondoren, orain mendabalderako kaleratzen da diskoa.

 

Xujun da kantaria eta perkusio jotzailea, eta Fuentesek gitarrak, baxua, sintetizadorea, mandolina eta ukelelea jo ditu, musika eta hitzak sortzeaz gain. Kantuak ingelesez abesten ditu bikoteak, baina diskoan bada euskaraz abesturiko kantu bat (Venus dago ederren) eta txinerazko esaldiak tartekatzen dituzte beste zenbaitetan. Ekologiari buruz, globalizazioak eta garapenak dakarren nora ezaz eta ur-lasterraren kontra aritzearen garrantziaz mintzo da taldea kantuetan, besteak beste.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com