Bilaketa etengabea
CHEMA SAIZ, SOLO ALBUM
VOLUMEN II
Jazzeko zenbait artistaren sormena bere
buruaren bilaketa izan ohi da. Etenik gabeko barne-bidaia horrek arrisku puska
bat dakar berarekin: eraikitzeko deseraikitzea eta lehen ez zena izatera
ekartzea. Goigainekoak ez du derrigor zertan izan publiko handiaren gustukoa. Edo
agian bai, baina hondorik gabeko gogamen baten aginduen mendeko izango da beti.
Hizkera propio bat sortzen baitu ausart, dardara daragio aurreiritzirik gabe
hurbiltzen zaion orori. Nota desegokirik ez, alferrikako tenkadurarik ez.
Entzun beza entzun nahi duenak.
Chema Saiz gitarrajole konpositorea gazterik
abiatu zen bidean, musika klasikoan eta espainiar musika herrikoian trebatuz.
Nerabe zela iritsi zen jazzera Sean Levitt, John Abercrombie, Jerry Bergonzy
eta Dave Liebmanen ildotik, besteak beste. Goi mailako tituluduna izanik
gitarra klasikoan, pedagogia lanetan aritu da jazz eskoletan urte luzez. Munduaren
erdia iragan du mintegi eta master class ugari ematen. Konpositore oparoa da, sei
disko argitaratu ditu bere sinadurapean, eta Agua con gusto Uruguaiko
Leo Maslíah idazle eta musikariarekin. Gitarrajole kezkatua da, beti bilaketan.
Artista eta proiektu anitzetan aritu da elkarlanean, herrialde askotan jo du jazzaldi
eta gitarra jaialdi nagusietan.
Solo album volumen II Omar Carrascosak
grabatua da Madrilgo Camaleon Music Studion eta Santi Fernandezek nahasi eta
masterizatua Alcala de Henareseko Santa Rosa Surrounden. Album honen aztarren
bila 1999ko Solo album hartara egin behar genuke artista baregaitz eta
eklektiko hau identifikatzeko. Zaila zen orduan ere sailkatzea, deserosoa zaio ortodoxiari.
Chema Saiz bere eraginei uko egiten ez dien
artista da. Thelonious Monk dakarkigu hasieran Trinkle Tinkle birsortuz,
bere No tan largo eta Marketin entzunez kolore eta geometria
musikal propioak deskubrituko ditugu, eta amaieran Monk berriro, ariketa zail
eta arriskutsuan Crepuscule With Nellie birsortuz. Saizek disonantzietan
idatzi du Vals en Dm, azal eta mami berria erantsi dizkio Estaba la
pastora herri kantuari eta I’m Confessin That I Love You estandarra
ere eduki berriz hornitu du, albumeko piezarik ortodoxoenetako bat izan arren. Bere
faktura paregabeari esker, Saizek Monken espiritu bikaina itzultzen digu Introspección-en,
eta jazz primitibora eramaten gaitu Ellington-en The Mooche eta Stardust-ekin.
Eklektizismoa ederki ageri zaigu Chotis nº 6-ekin eta Saizen eta Mussorgsky
konpositore errusiarraren Cuadros de una exposición-ekin. Azkenik,
Saizek bere egiten du J.J. Johnson tronboijole iparramerikarraren Lament.