Wales Tour

12 abuztua, 2015

Musikagintzan bi
hamarkada betetzeko bidean da Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978). Arima Beltza
taldean ezagutu genuen, gurean bateraezinak diruditen bi eginkizunetan, bateria
jotzea eta abeslaria izatea, aldi berean aritzen —geroago frontman lana hartu zuen—. Niko Etxartek euskarara ekarritako
bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren tradizioari beste katebegi bat gehitu
zioten talde hark 2000. eta 2005. urteen bitartean grabatutako hiru diskoek.
Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak —iraunkorrena
Keu Agirretxearen UEK taldea izan da, zeinarekin hainbat disko grabatu eta
zuzeneko ugari eskaini dituen; laburrena, Andrakan taldea—, baina sekula ez dio
kantuak sortzeari utzi —Arima Beltzaren konpositoreetako bat zen Gurrutxaga—.
Horrela, merezi zuena baino oihartzun txikiagoa izan zuen Jon & Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010. urtean, eta lau urte
geroago itzuli da Hitz lauz
diskoarekin.

Urteotan pilatutako
esperientzia, ezagutza eta trebakuntza agerian uzten ditu Hitz lauz diskoak. Kantuen eraikuntzan, alde batetik. Arkitektu
batek eraikin baten planoekin egingo lukeen bezala, zentzuz eta presarik gabe hazten
dira disko honetako kantuak, urrats bakoitza argitasunez zehaztuta baitago: sarrerak,
zubiak, goraldiak, trantsizioak, geldialdiak, jira melodikoak… Adibide bat? Sugea. Eta une bakoitzak jantzi
instrumental egokia aurkitzen du kantuak gora egin dezan. Tentuz landutako
moldaketek arnasa ematen diete kantuei, hainbat musikarik egindako ekarpen
bikainari esker. Izan ere, horretan datza Jon
& Sugramas
lanarekiko aldaketa nagusietako bat, hura talde finko
batekin landutako diskoa izan baitzen. Oraingoan berriz, kantuaren arabera
musika ezberdinekin lan egitea erabaki du Gurrutxagak, eta ondorioz hiru baxu
jotzaile —Mikel Azkargorta, Iñigo Gorritxategi, Gorka Eskauriaza—, hiru
gitarrista —Keu Agirretxea, Muguel Laguna, Oatxi Zabaleta—, Tana Santana
kontrabaxu jotzailea eta Fredi Pelaez teklatu jotzailea izan ditu alboan. Gurrutxagak
bateria, ahosoinua eta gitarra akustikoa jo ditu, abesteaz gain.

Diskoaren
azalarekin bat egiten duen soinu abegikor, bero eta argitsua lortu dute denen
artean, aurreko lanetakoa baino akustikoagoa ere.

Bluesak jarraitzen
du Jon Gurrutxagaren kantuetan present egoten, baina Hitz lauz diskoan lekua dago funk doinuentzat (Denbora, bidea, zu eta ni), kontrabaxu eta hammond organo
distiratsuak dituen balada batentzat (Txikia
handi
), folk erreferentzia garaikideentzat (koruek Fleet Foxes ekartzen
dute gogora Minaren mintzoa-n), eta su
motelean erretako rock aleentzat (Azala,
Iragana beti jarraika edota Desirak eta gezurrak, Arima Beltzaren
azken diskotik hartutako kantuaren bertsioa). Ingelesa bazter utzita, osorik
euskaraz mintzo da Gurrutxaga, hitz lauz, Xabi Lasa, Uxue Agirre eta Iñaki
Gurrutxagaren laguntzarekin, bizi-esperientzien inguruko kantu sorta honetan,
eta inoiz baino gertuago eta barnekoiago azaltzen da entzulearen aurrera.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com