Bluesa eta cumbia mexikarra

12 urria, 2013

Marcos Coll, Emiliano Juárez, Fernando Ruvel eta Zoar Mirandak osatzen dute laukotea. Marcos Coll ahosoinu jotzailea aski ezaguna da Europa osoan, Los Reyes del K.O. blues taldearekin egindako ibilbide luzeari esker. Hainbat disko grabatzeaz gain, munduan zehar eskainitako emanaldietan beste hainbat artista handirekin (Chuck Berry, The Animals, Solomon Burke, Buddy Guy, besteak beste) eszenatokian aritzeko aukera izan du Collek. Los Reyes del K.O. taldeko bi kideek –Adrian Costa eta Coll bera– Berlinen eman dituzte azken urteak, baina taldea desegitea erabaki zutenean Collek aukera baliatu zuen Mexikon Los Reyes del K.O.ren kontzertuetan ezagututako musikari eta lagunekin berriz harremanetan jartzeko eta elkarlanean aritzeko. Horien artean ziren Emiliano Juarez gitarrista, zeina blues, funk eta soul taldeetan aritua den; Fernando Ruvel baxu jotzaile, abeslari eta konpositorea, Mexikoko musika tradizioa sakon ezagutzen duen musikaria, eta Zoar Miranda bateria jotzaile malgu eta kolpe handikoa.

Lau kideen gustu eta eragin ezberdinen arteko nahasketa horren emaitza da Los Mighty Calacasen soinu eklektikoa, lehen disko honek ondo baino hobeto islatzen duena. Bertan, taldeak berak sorturiko kantuetan, besteak beste, funk-rock doinuak (Ruletero, Presa cerebral), cumbia (La morena, El gachupín y la costeñita), groove handiko jazza (Weizen a la Vergessen), hip hop cool eta dotorea (Uni-verso) eta ranchera bat (La calateña) aurkituko ditu entzuleak. Baina horrez gain, bertsioen sorta eder bat ere jaso dute. Esaterako, Mike Laure kantari mexikarraren bi kantu egokitu dituzte (La secretaria eta La cosecha de mujeres), biak ala biak Laurek soinu tropikalen berrikuntzari ekarritako chunchaca delako estiloaren adibide ederrak (rocka eta cumbiaren arteko uztarketa da chunchaca). Manuel Corona kubatarraren Falsaria boleroa ere bere egin dute Charlie Musselwhiteren parte-hartze bereziarekin, eta azkenik, Chava Floresen Oye Bartola ezaguna bluesaren eremura eraman du Los Mighty Calacasek.

Kolaborazioen atalean, Charlie Musselwhiterenaz gain, nabarmentzekoak dira  Dwayne Verheyden akordeoi jotzaile holandarrarena (21 urte bakarrik dituen arren, jada bere oinordekotzat jo du Flaco Jimenez handiak), Ewor John poeta eta raper mexikarrarena eta Lari Ruiz Velasco Giron gitarristarena (Fernando Ruvel-en kide izandakoa Tio Gus taldean).

Jaun-andreak, neska-mutikoak eta bereziki andereñoak! Eman diezaiegun ongi etorria… The Mighty Calacas eta bere “hots pelutxo-kosmiko guapatxosoari!”

Gozo-gozo calacatzera!

 

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com