bluesa lantzeko trebezia
20 urte joan dira Nico Wayne Toussaint ahosoinu jotzailea eta Michel Foizon gitarrista elkarrekin jotzen hasi zirenetik. Pau hirian elkar ezagutu zuten 1992. urtean, berehala moldatu ziren ongi, eta Robert Johnson eta Muddy Watersekiko zaletasunak harreman estua ezarri zuen bi musikarien artean. Geroztik, hainbat alditan partekatu dute eszenatokia, baina elkarlan horren testigantza utziko zuen disko bat egiteko zuten oraindik. Ez dugu gehiago itxaron beharko, hemen dugu On the Go izeneko lan zoragarria. Horrez gain, bikoteak International Blues Challenge lehiaketa ospetsuan parte hartu berri du, Memphisen
Europako blues abeslari eta aho-soinu jotzaileen artean nabarmendu da Nico Wayne Toussaint azken bi hamarkada hauetan. Estatu Batuetan eta Europan banaturiko hamabi disko grabatu ditu 1998. urteaz geroztik, horietako gehienak Dixiefrog diskoetxearekin, eta 2008az geroztik Miami eta Frantzia artean bizi da –Mighty Quartet laukotearekin aritzen da Europan–. Hain zuzen, ohiko musikaria da Floridako kostaldeko blues zirkuituan, eta 2010. urtean hartu zuen parte lehen aldiz International Blues Challenge lehiaketan, South Florida Blues Society ordezkatuz. 2012. urtean Floridako ahosoinu jotzaile onenaren saria irabazi zuen, eta konpositore gisa ere saritu dute hainbat aldiz. Urteotan, izen handiko hainbat musikarirekin partekatu du agertokia, Mick Taylor, Five Blind Boys, Calvin Russell eta Magic Slim-ekin besteak beste.
Bestalde, Foizonek Frantzian egin du lan, eta proiektu ugari eraman ditu aurrera bluesetik gospelera arteko esparru zabalean.
Albisteak