BOSGARREN HARIA : musika irakurtzeko denean
Gaztelupeko Hotsak-en bilduma berria
Musika entzuteko kontua da noski, baina beharrezkoa zaigu, hala berean, entzuten dugunari buruz berba egitea.
Etengabe ari gara komentatzen kantu hau edo bestea, askotan ez dakigu zergatik egiten zaigun kantu hau gustagarri eta zergatik beste hark uzten gaituen indiferente.
Bosgarren haria bildumaren asmoa ez da tresna teoriko beldurgarriak sortzea, baizik eta, adituen eta zaletuen laguntzaz, ikuspegi historiko-kritiko bat hartzea gure belarriek jaso dutenaz. Gure ondare sonoroaz jabeagotzeko asmoz.
Musikak eta kantuak mugarik ez daukatela kontu zaharra da, eta tresna berriek inoiz baino arinago zabaltzen digute hangoa hemen eta hemengoa han. Ez gara ondare bakarrekoak, musikazaleok ondare anitzekoak gara.
Baina askotan ez dakigu gauza handirik gustuko dugun musika edo talde hartaz. Beharbada esatariren bati entzundakoa, edo aldizkariren batean gaingiroki irakurritako komentarioa, horixe izaten da maiz gure ezagutza.
Bosgarren haria hutsune hori betetzera dator.