CAPSULA taldearen LPak eskuragai
‘Sublime’ (1999)
Martin Guevarak (ahotsa eta gitarra) eta Coni Duchessek (baxua) Buenos Airesen taldea sortu eta bi urtera, lehen diskoa kaleratu zuen Capsulak, Sublime izenburukoa. Europan zehar bira bat egina zuen ordurako, eta Bilboko Kafe Antzokian jotzeko lehen aukera izan zuen, Super Furry Animals taldearen gonbidatu gisa. Hain zuzen, bira haren erdian grabatu zuten Sublime, Bilboko Mr. Jam estudioan, eta Laberintos eta Pizarnik izan ziren diskoa ezagutzera emateko aukeratutako kantuak. Gaztelaniaz abesturiko bederatzi kantu hauetan, soinu indartsua agertu zuen Capsulak, pop melodiak (Todos sus nombres, Ella encarna) eta gitarra gordin eta urratzaileen geruzak uztartuz, eraginak ezkutatu barik (Sonic Youth, Iggy Pop, eta 70eko eta 80ko hamarkadetako Argentinako taldeak: Sumo, Pescado Rabioso, Manal…) eta izenburu enigmatikodun kantuekin: Piernas Arboles, Lo que es tal vez …
‘Yudoka’ (2000)
`Yudoka’ bigarren diskoak aurrekoaren jarraipena ekarri zuen. Sublime-ren giro barnekoiari eutsi zion –estudioan landutako diskoak dira biak– eta kantuak gaztelaniaz abestuta daude berriz ere, baina ñabardura elektronikoak erantsi zizkion soinuari. Horrek ekarri zuen zenbait kritikarik Ingalaterrako after-punkarekin lotzea diskoa. Gitarra geruzek eraikitako kantu sendoen (Trampas del ajedrez, Naufragio) eta melodikoki zuzenak eta itsaskorrak (Esplendor, Palabras nomadas) direnen arteko oreka erakusten du. Aurrekoa bezala, La Nena Records diskoetxeak argitaratu zuen, eta Argentinan bakarrik banatu zen.
‘Capsula’ (2002)
Madrilen, Londresen eta Berlinen egonaldiak igaro ondoren, taldea Bilbon finkatu zen. Bertan underground eszena erakargarria aurkitu zuen eta hiriko beste taldeekin elkar elikatzeko aukera egokia eskaintzen zuela iritzi zion. Agian horregatik, taldearen hirugarren diskoak Cancer Moon dakar gogora hainbat unetan (Focused, Nuevo despegue). Bilboko DDT Diskoak argitaratu zuen Capsula, eta lehen aldiz ingelesezko kantuak grabatu zituen taldeak. Argentinako rockaren eraginak pisua galdu zuen diskoan, eta nazioarteko biretan jasotako esperientzia txertatuz joan zen taldearen soinuan, hura zabalduz, zorroztuz eta oinarrizkoago bilakatuz. Disko psikodeliko eta garage kutsu handikoa osatu zuen hirukoteak.
Albisteak