Carlos Velasco : Sortzaileen arrazatakoa

27 otsaila, 2012

Carlos Velasco gitarra jotzaile bizkaitarra sortzaileen arrazatakoa da, musikaren benetako langileak, euren inspirazio-iturrien langileak, hartzen dituen arrazakoa. Euskal agertokitik mila eta bat gau jaso ostean, Velascok bere aurreneko lan hau ematen du argitara aitzindari gisa.

80. urteetatik aurrera Euskal Herriko Jazz, Blues, Pop eta Rock talde askotan parte hartu zuen: Pork Pie Hat, Talamo, Santi Ibarretxe, Angel Celada, José Agustin Guereñu… Era berean, beste talde batzuekin jardun zuen hainbat jazzalditan, eta hainbat sari jaso zituen, tartean Donostian 1985ean jasotako bakarlari onenaren saria. Estudioko musikaria ere baden aldetik, molde askotako album ugariren grabazioan parte hartu du, eta besteak beste, Amaia Uranga, Mocedades , Dinamita pa los Pollos, Alejandro Sanz , El Consorcio, Jeanette, Raùl Diblasio eta Armando Manzanero bezalako taldeekin jo du.

 

Besterik gabe, berriki sortutako kezka bati erantzun nahi izan diot, kezka hazi egin baita eta hari erantzuteko beharra ere premia bihurtu baita.

 

Bereziki gustukoa dudan taldea da hirukotea, gitarraren esku geratzen baita ozentasunaren parte handi bat. Gainera izugarri gozatzen dut hirukotean, honek askatasun handia ematen duelako eta funtsezko elementuak, erritmoa, doinua eta harmonia, beren osoan garatu daitezkeelako. Niretzako banda handi txikia da hirukotea.

 

Bere kabuz ikasia, gitarra jotzaile honek izandako eraginak ageri ditu disko honetan, batzuk esplizituki, esate baterako, Wes Montgomeryri eskainitako Bon Voyage gaian, Joshua Edelman-en piano biziarekin aberastuan. Izan dituen maisuetako baten, Jose Passen, itzala agerikoa ere da A vueltas, Días de invierno eta Por ti gaietako esaldi garden eta neurridunetan, esaldi dotore eta zentzuz beterikoetan, zeinetan edertasuna su motelean eta isiluneen artean ontzen den, musikaren aurreko sena agerian utzirik. Horratx Carlos Velasco berezi egiten duen ezaugarri berezietako bat, badaki bere doinuei eta esaldi aske eta irekiei arnasa eta denbora ematen.

 

                Carlos Velascoren beste trebetasun batek nerabezaroan du jatorria, gazte zela bluesak eta gerora eratorritako moldeek liluratu baitzuten.  Ez dira harritzekoak, beraz, Doble o nada eta Five in Blue gai alaitsuak, azkenekoa Gorka Iraundegui organo jotzailearen ekarpen ordainezinarekin. Areago, gitarra jotzaileak jazzaren beste unibertso paraleloetara eramaten gaitu odol latinoko musikak moldatuta; horren adibide dira Mejor así, batzuek haren izenburu zahar Cachalote izenaz ezagutuko duten cha-cha-cha antzekoa, eta Saltillo, tex-mex azaleko eta bossa nova mamiko gaia. Bi gai hauek izango dira, segur asko, egilearen musikagintzaren aurreko gaitasuna agerien uzten dutenak.

                Aipamen berezia merezi du, beharbada, grabazio honetako gairik hunkigarriena denak, That old touch. Velascok Pork Pie Haten garaiko laguna du aurrean, Santi Ibarretxe saxo jotzailea, eta harekin bop eta bop osteko elkarrizketa sakona du. Edelmanek Bon Voyage gaian bezala, “Primital” Ibarretxek gitarra jotzailearen ausardia akuilatzen du, une oro era arrakastatsuan akuilatu ere. Izan ere, mantso jotzen duenean, poeta dirudi Velascok, baina seigarren martxa sartzen duenean, prosa luze, oparo eta osoa idazten duen idazlea ematen du.

                Zalantzarik gabe txalotzekoa Iván San Miguel kontrabaxu jotzailearen eta Borja Baurreta bateria jotzailearen lana, biak ala biak beti ere erne Velascoren gitarraren abiadura biziei nahiz esaldi motelei behar bezala egokitzeko; musikari hauek biek edozein taldeburuk nahi lukeen euskarri erritmikoa osatzen dute, dudarik gabe.

                Hogeita bost urte inguru behar izan ditu basauriarrak bere jazz moldeko gaiak grabatzeko. Baina hoberena ez da orain eman diguna, etortzeko dagoena baizik. Baina iristen den bitartean, gozatu dezagun behar-beharrezkoa dugun gitarra jotzaile honek egun eskaintzen digun musika ederrarekin, musika ausartarekin, hunkigarriarekin.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com