Chris Kase Quartet
Nahikoa
duzu azken diskoari erantsitako libretoa zabaltzea: ñabardura guztiak erakutsi
eta zein bere inguruabarrean dizkizu ipintzen Let Go honek. Zerikusia
izango dute ahalegin pedagogiko honetan noski Chris Kasek Musikenen klaseak
ematen jarduteak eta Alfono X El Sabio unibertsitateko musika fakultateko
irakaslea izateak. Esan dezagun, hala ere, eskaintzen digun lana ulertzeko ez
duzula aditua izan beharrik, berez zaizu mintzo eta prestutasunez egina da.
Aurreiritziak ahaztu eta musikak eraman zaitzala esan dezazun. Horixe
dizugu aholkurik onena harrokeriarik gabeko bikaintasunez jotako abesti bilduma
eder hau entzuteko. Chris Kaseren musikak gehiago dauka hausnarretik
hunkigarritasunetik baino, eta halakoa izan arren, ez duzu berotasunik gabekoa.
Ez zaitu liluratu nahi esku-jolasez edo trinkotasun merkez, ezta inoren
lorpenak imitatuz ere: nortasunezko idazkera dauka, eta aski du horixe
edertasun handiko osotasun bat eskaintzeko.
Chris Kasek egina zeukan lehendik lan bat
Errabal Jazz-erako, My Private Circus (2013). Lan hura dena berak
bakarrik egindakoa dela esan genezake, baina honakoan laukote batean datorkizu,
Marcos Collado (gitarra), Ander Garcia (kontrabaxua) eta Miguel Benito
(bateria) dituela lagun, hirurak ere
Madrilgo jokalekuetako lankideak eta hainbat proiektutan arituak Chrisekin.
Erran gabe doa beraz ezin egokiago harremandutako lana egin dutela, eta diskoak
ezagun du konplizitate lasaian aritu direla. Onerako, bistan denez.
Albumak Teaser dauka atari, Charlie
Parkerrek ezaguna egin zuen Star Eyes klasikoan oinarritua. Chris Kasek
soprano eta kontralto arteko mezzoan dihardu presarik gabe Marcos Colladoren
azpi harmonikoan barrena. Gainerakoan, diskoak halako oreka eredugarri bat
dauka sutsuaren (Teaser, Riff One, Puddle Jumper) eta
barnetasunaren artean (The Wishing Song, Afastado), gitarrak eta
tronpetak solas adierazkorrak egiten dizkizutela. Chris Kaseren omenaldi
pertsonalak ere ageriko zaizkizu, Ralph Towner edo duela lau urte zendutako Ken
Wheeler kolega zaharra oroituz albuma zigilatzen duen pieza hunkituan.
Albisteak