CODIGO: adiskidetza eta kalitatea

18 abuztua, 2015

Miguel Salvador Trío eta Javier Alzola  : 
CÓDIGO

 

Gitarra jotzaile
bilbotarraren hirugarren diskoa, Javier Alzola saxo jotzailearekin batera
apailatua. Eta hori ez da harritzekoa, urteak joan baitira elkarrekin ezin hobe
moldatzen direnetik nola agertokietan hala agertokietatik kanpora, jaialdi,
klub eta kontzertu askotan jo baitute azken urteotan elkarrekin. Batasun
horretan du abiapuntua ñabarduraz beteriko zortzi gaiek osatutako lanak. Lan
horretan mintzaira arina landu dute Miguelen gitarrak eta Javierren saxoak,
berezko hotsen Kodea sortu dute, doinu hauskor bezain barnekoiak (“Una hora com
Margot” eta “Donde estabas tu”), indarrez eta energiaz beterikoak (“Código” eta
“Bienvenido Mr Swing”)… aurreko lanen moldeko beste gai batzuk… “Requiem”
eta “Santuario” bezalako gai hipnotikoak, “Mirando para adentro” gai
mehe bezain leuna…

Minimalista da
musika, goxoa eta bidaiaria batzuetan, zakarra eta abangoardista besteetan, hotsen
arteko kontrasteez beterikoa beti, sentsazioak nahasi egiten baitira soinu
sendo eta une magikoez beterikoa eskaintzeko, entzulea barne bidaia bat egitera
gonbidatuz. Disko sakona da, entzuleak gozatu egingo du era askotako erritmo
eta tinbre aldaketekin, ezertxok ere ez dio ihes egingo.

Hasier Oleaga eta
Jon Piris bateria eta kontrabaxu jotzaileek osatzen dute laukotea, bikote hori
lehendik ere Miguelekin lan egina zen azken horren lanetan.

Miguel Salvadorren hirugarren lan honetan, gure
garaiko euskal jazzaren joera gaurkotuena eskaintzen digute lau musikariok. Lan
bikaina harmonia biribilean

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com