Egungo jazzaren soinu sakonetan murgiltzen

28 uztaila, 2022

EVA ALCAIDE

 Dive into the Sea

ER-138

 

Itsasaldien taupada soraioetan, tai gabeko higiduretan
abandonatzea. Zer garen akordura ekarri behar dugun oroz, inspirazioa da
itsasoa, goihatsa, bere baitan hartzen gaituen jatorria. Arnasari eustea geure
bihotzaren pilpira isiltasunik 
gardenenean entzun dezagun, korronteak kulunka gaitzan harekin bat eta
bakarra izateko.

 

 Eva Alcaidek artista askorekin kolaboratu ohi du eta, zuzeneko
eskarmentu handia izateaz gain, aipagarrizko historia akademikoa dauka.
Torrelodoneseko Udal Musika eta Dantza Eskolan gitarra klasikoan hasi zenetik
SortzeMusika Eskolan ibili zen, musika garaikidearen esparruetan murgilduz.
Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, jazz gitarran sakondu
eta lizentziatu zen. Gero Eskoziako Errege Kontserbatorioan sendotu zuen
prestakuntza, master bat eginez Jazz Gitarraren Interpretazioan.

 

 Garai horretan hasi zen
umotzen Dive into the Sea, eta
horretarako ospe handiko lau musikari ezagun izan ditu ondoan, elkarren arteko
lotura nazioartean erreferentzia eta bikaintasunaren bermea den Musikene
Zentroan kokatzen ahal dugula. Gitarrajolea madrildarraz gain, Irati Bilbao, Begin proiektuko liderra daukagu boskotean. Durangaldeko abeslari
hau erreferentea  bihurtu zaigu
azkenaldian, 2020an izen bereko lehen lanaren argitalpenari esker. Jorge Fernandez pianojolea, ibilbide
luzeko  beste artista bat, No Land Trio proiektuaren egilea izateaz
beste. Taldea osatuz, Carlos Montull
baxuan, irakasle lanetatik at ezin konta ahala artistaren laguntzaile, eta Aitor Bravo bateriajole malgua,
Triology, No-Land Trio eta Jeronimo Martinen taldearekin diharduena, bestek
beste.

 

 Dive into the Seak ekoizpen bikaina dauka. Egungo jazzaren kutsua
duten soinu sakonetan murgiltzen da, beste eragin anitzetatik ekartzeko
tradiziotik hastandu gabe. Ñabarduraz eta kolorez betea, etorkia itsasoan eta
itsasoaren ikonografian daukala, Eva
Alcaide
k ikasle urteetan idatzitako konposizio bilduma bikain baten aurrean
gaude. Fresh start-en Irati Bilbaok
ahotsean eta Eva Alcaidek gitarran egiten dituzten joko melodiko eta
bateratuetatik hasi,  Budelli Island edo In these hallways-en egitura zikliko eta oroigarritik iraganik Movement at the coral reef-era iritsi
arte, taldearen kohesioak ur paisaietara garamatza musika garaikidean barrena,
bere-berea duen hots jarioan. Pat Metheny
eta Ben Monderren oihartzunak Eva
Alcaideren maisutasun instrumentalean, melodia urdin-berde osoak marrazten
dituela The Peacocks-en, Naima erritmikoaren protagonista izateko
eta aldi berean talde osoaren konplizitatea agerian uzteko. Gehi Dive into the sea homonimoarekin
azkentzeko.

 

 Itsasaldien taupadak, tai
gabeko higidurak. Eva Alcaidek
maisuki margotzen du itsas koloreko isiltasun erabatekoa, bihotzaren pilpira
isiltasunik gardenenean entzun dezagun, korronteak kulunka gaitzan harekin bat
eta bakarra izateko. Dive into the sea,
horra hor froga.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com