Erabateko bilakaeran dagoen musika
…eta beste behin tradizioaren bestelako irakurketa bat eskaintzen digu, gaur egungo garaietara egokitua, dantzagarria, irreberentea, eta belarrietarako gozagarria. Hots klasikoak eta joera modernoak batuz, gurean ezohikoa den eskaintza musikala egiten du Gasteiz Big Band-ek, iragan hamarkadetako jazz, pop edota musika herrikoiaren konposizio ezagunak hip-hop, funk edota musika latinoaren eremuetara eramaten baititu.
Hamar hazbeteko biniloa irekitzen duen pieza Duke Ellington ahaztezinari egindako omenaldia da. Steve Wonderrek Ellingtonen omenez idatzitako Sir Duke kantuaz jabetu da orkestra arabarra, eta big band-en estiloko pieza peto bilakatu du, dotorea eta swing handikoa, eta orkestraren nortasun zeinua den scratch-aren erabileraz apaindua.
Diskoko sorpresarik handienetakoa dator ondoren, San Prudentzioko erretretaren berrinterpretazioa. Arabarrek oso maitea duten pieza tradizionalaren melodiari eutsi egin dio Gasteiz Big Band-ek, baina hip hop doinuak erantsi dizkio Kodigo Norte rap taldearen parte-hartzearekin.
Ageri denez, Gasteiz Big Band-ek ez dio ezeri beldurrik, ezta azken urteetako pop kantu arrakastatsuenak moldatzeari ere. Coldplay taldearen Clocks hartu eta beste buelta bat eman dio. Erabateko bilakaeran dagoen musika.
Diseinua, ohikoa den bezala, Txarly Brown
izaera eklektikoa eta asmo ausarta
1996. urtean Gasteizen sortua, Gasteiz Big Band taldeak koska bat gehiago estutu du bere musikan, hiriko erritmo berriei leku egin baitie eta big band tradizional baten aukerak biderkatzen dituen zuzendaritza artistiko berri bat onartu baitu elementu elektronikoei eta disko jartzaile baten laguntzari ateak ireki dizkienean. Hip-hop eta funk, soul eta swingez beteriko gai ahostunak, perkusio latinoaren beroa…. Honek guztiak egiten du Gasteiz Big Band proiektu sendoa izatea, nortasun adierazle eta ezaugarri oso erakargarriekin. Azken urteotan hainbat jaialditan parte hartu du, esate baterako, Donostiako Jazzaldian eta Gasteizko Zinemaldian, Madril, Errioxa, Najera, Elorrioko Musikaire… Kontzertuak eskaintzeaz gainera, jarduera gune itzali ezina da Gasteiz Big Band taldea: 2004. urteaz geroztik Big Band jaialdia sustatzen du. Dagoeneko klasikoa dugun jaialdi hau ondo pasatzeko jazzari , konplexurik gabeko jazzari, hurbiltzeko aukera aparta da, izan ere izen handiko taldeak izan ohi dira beren erakustaldia egiten, esate baterako, La Creativa Big Band bera… azken urteetan Txiki Txiki Big band delakoaren sorrera bultzatzea izan du proposamen berritzaileena. Talde hau Arabako musika eskoletako ikasleek osatzen dute. Harrobia egitea baita etorkizuna lantzea.
Dantza Baltza
Musika beltzekin, nola dantzatarakoekin hala elektronikoekin, zerikusia duten ekimenei leku egiteko espazioa da Dantza Baltza. Jarrera ludiko eta bihoztunarekin, garrantzi handiagoa dute proiektuek etiketek baino. Euskal Herriko musikaren eszenan joera berriak finkatzea du xede, eta bestetik euskal musika ezagutaraztea bila du.
Albisteak