esperientzia eta ezagutzaren ondorioa
Musikagintzan bi
hamarkada betetzeko bidean da Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978). Arima Beltza
taldean ezagutu genuen, gurean bateraezinak diruditen bi eginkizunetan, bateria
jotzea eta abeslaria izatea, aldi berean aritzen —geroago frontman lana hartu zuen—. Niko Etxartek euskarara ekarritako
bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren tradizioari beste katebegi bat gehitu
zioten talde hark 2000. eta 2005. urteen bitartean grabatutako hiru diskoek.
Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak —iraunkorrena
Keu Agirretxearen UEK taldea izan da, zeinarekin hainbat disko grabatu eta
zuzeneko ugari eskaini dituen; laburrena, Andrakan taldea—, baina sekula ez dio
kantuak sortzeari utzi —Arima Beltzaren konpositoreetako bat zen Gurrutxaga—.
Horrela, merezi zuena baino oihartzun txikiagoa izan zuen Jon & Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010. urtean, eta lau urte
geroago itzuli da Hitz lauz
diskoarekin.